Laurgaingo sanmigelak izango dira asteburuan

Karkara.eus 2013ko irailaren 26a

Auzo afariarekin hasi eta herri-kirolekin bukatuko dira festak

Irailaren 27an, ostiralarekin, hasita ospatuko dituzte aurtengo sanmigelak Laurgainen. Auzo afaria egingo dute jaiei hasiera emateko. Atseden elkartean bilduko dira aurretik afaritarako t...

Auzo afariarekin hasi eta herri-kirolekin bukatuko dira festak

Irailaren 27an, ostiralarekin, hasita ospatuko dituzte aurtengo sanmigelak Laurgainen. Auzo afaria egingo dute jaiei hasiera emateko. Atseden elkartean bilduko dira aurretik afaritarako txartela erosi duten auzotarrak. Txartelak erosteko azken eguna gaur izango da eta Iturriozena tabernan erosi daitezke 25 eurotan.

Afalostean Izer eta Alabierrekin erromeria izango dute goizaldera arte. Irailaren 28an, larunbatarekin, mus txapelketa izango da arratsaldeko 16:30ean hasita.

Orduerdi lehenago eman beharko da izena, bikoteko 20 euro ordainduta, eta sari bikainak izango dira: txapela, garaikurra, arkumea, mariskada eta bi xanpain botila bikote irabazlearentzat; garaikurra, lau untxi, mariskada eta bi xanpain botila bigarrenentzat; lau txuleta eta bi xanpain botila hirugarren tokian geratzen direnentzat; eta hiru kilo kostila eta bi ardo botila laugarrenentzat.

Gaueko 23:00etan hasi eta goizaldera arte, berriz, Itsaso eta Irune Elizagoien trikitilariekin erromeria izango da. Irailaren 29an, San Migel egunean, igandean, 10:30ean meza nagusia izango da. Atzetik hamaiketakoa egingo dute eta, bukatzeko, herri-kirol erakustaldia Landarbide eta lagunekin: harri-jasotzea eta aizkora. Guztia trikitilarien doinuekin alaituta. 

Festarako aitzakiarik ez da izango, beraz, Aian asteburu honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide