(Amaia Ventas/Hitza)
Jon Iturrarte artistak (Hernani, 1948)
Askatasunaren zuhaitza eskulturaren maketa egin du, frankismoko azken fusilatuak omentzeko. Ez da omenaldi «politikoa», «propioa» baizik. «Gertakizun hark zirrara eragin zidan, eta omenaldi xumea egin nahi izan diet». Sortaldean dago ikusgai astelehenetik. Interesa dutenek igandera arte ikusi ahalko dute, 18:00etatik 20:00etara.
Zergatik erabaki duzu eskultura orain erakustea?
Egia esan, ez nintzen gogoratzen bihar zenik Gudari Eguna; bost horietaz gogoratzen nintzen. Zirrara eragin zidan Angel Otaegi, Jon Paredes
Txiki, Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravori gertatutakoak. Modu batera edo bestera, ni ere fusilatua sentitu nintzen. Horregatik, omenaldia egitea erabaki nuen.
Ez da omenaldi politikoa; gertakari jakin bat, eta hark eragindako sentimenduak erakusten ditu. Politikak ezin du historia bahitu.
Zuhaitza erabili duzu sinbolo gisa. Zergatik?
Oso sinbolo adierazgarria da, euskal kulturan tradizio handia duena, magia eta erlijioarekin lotura duena. Nik askatasuna islatzeko baliatu dut. Gerora, ikusleak sinbolo horrek irekitzen dion bidea hartu eta hausnartu beharko du. Izan ere, eskultura bera hausnarketa bat da; kultura hausnarketa da.
Ez du eskulturak soilik osatzen erakusketa, ezta?
Bost fusilatuen argazkiak zintzilikatu ditut, pertsonalizatuta, izen-abizenekin. Uste dut lehenbiziko aldia dela halako zerbait egiten dena. Garai hartako argazkiak jarri ditut, guk itxura horrekin ezagutu baikenituen.
Horrez gain, hainbat panel informatibo ere jarri ditut. Alde batetik, eskulturaren nondik norakoak azaldu ditut, modu oso laburrean. Zera diot: «Gizakia zilindro bat da. Zilindroa ebaki eta zuhaitz bat ikusi ahal da, erdizka. Eta bi ebaketek osatzen dute estatua». Bestelako argazki esanguratsuak ere zintzilikatu ditut, Txikiren hilkutxa Bartzelonan, furgoneta batean, edota Txikiren ama Maixabel Lasa Jaurlaritzako Gobernuko Biktimen Arretarako zuzendari ohia besarkatzen ageri direnak. Azken hori hausnarketarako aproposa da: baten semea Estatuak hil zuen eta bestearen senarra ETAk. Horrez gain, iazko ekitaldiaren informazioa eta iaz nik egindako omenalditxoa ere jaso ditut. 2012an maketa hauxe Igerain parkean jarri nuen, zuhaitz baten ondoan.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Nekeza izan da; askotan egon naiz etsitzeko gertu. Urtebete inguru iraun du prozesu osoak, prestatu, sortu eta erakutsi dudan arte. Orain nire nahia maketa horretatik abiatuta eskultura egitea da, eta Zarautzen erakustea, parke batean, zuhaitzez inguratuta.