Juan Carlos Irizar, sormenari bihotza zabalduta

Aritz Mutiozabal 2013ko ira. 24a, 04:00

Emankorra izan da aurtengo urtea Juan Carlos Irizar musikagilearentzat. Hilabete eta erdiko epean bi disko eman ditu argitara; uztailaren amaieran, Ospitaleko itsas kabia lana aurkeztu zuen, eta duela astebete pasatxo, Bihotzaren doinuak izenekoa. Batean zein bestean Irizarren ohiko musika sentikorra eta nostalgikoa entzun daiteke, baina bakoitzak bere abiapuntua du, bere istorioa. Irizar, argitaratu dituen bere azken bi diskoekin Donostiako Ospitalean gaixo dauden haurrei zuzenduta dago lehena. DonostiakoAquariumaren, Laboral Kutxaren eta Donostia Ospitaleko pedriatria sailaren artean bultzatutako proiektuari musika jartzeko enkargua jaso zuen, eta halaxe sortu zen Ospitaleko itsas kabia. Bederatzi abesti instrumentalez osatuta dago diskoa, eta «bidaia moduan» egituratu du. «Ez direla betiko ospitalean geratu azaldu nahi izan diet, hain zuzen ere». Hori horrela, ospitalera joan eta atzera etxera itzuli bitarteko egonaldia islatu nahi izan du abestiz abesti. «Ospitalean panelak jarri dituzte arrainen irudiekin, eta haurrak aquarium baten barruan daudela dirudi. Irudi ikusgarriak dira benetan, eta horretan oinarrituta konposatu nuen musika. Hortik dator Itsas kabia izenburua ere», aditzera eman du musikagileak. Gainera, diskoak modu terapeutikoan funtzionatu dezakeela iritzi dio. «Gaixo dauden hau­rrentzako eta beren gurasoentzat lagungarri izan dadin egin dut. Doinu alai samarrak daude, baita nostalgikoak edo indartsuagoak ere. Entzun dutenek asko gustatu zaiela esan didate». Eskertza diskoa Bihotzaren doinuak bigarren lana, nolabait esateko, eskertza diskoa izan da. «Abenduan bihotzeko ebakuntza egin zidaten Poliklinika Gipuzkoan, eta eskerrak eman nahi nizkien Ignacio Gallo sendagileari eta gainerako zirujauei, bizitzeko bigarren aukera emateagatik». Arrazoi hori baliatuz, gertuko lagunak eta gustuko txokoak izan ditu gogoan konposatzeko orduan; besteak beste, Zumaiako San Pedro Txiki abesbatzako zuzendari Ge­ni Doval zenari Zumaiako flyschak abestia eskaini dio, eta tokiei dagokionez, Donostia oso presente dago. Pianoa da Bihotzaren doinuak laneko musika tresna nagusia, baina hainbat musikariren kolaborazioa izan du grabazio-prozesuan; izan ere, Karmelo Mendizabal eta Susana Aurkia soinuaz arduratu dira, Iker Orozko oboeaz, Arantxa Lasalde txalapartaz eta  Ricard Roda saxo sopranoaz. Irizarrek irailaren 15ean aurkeztu zuen diskoa, Donostiako Aquariumean bertan, zuzeneko emanaldi batekin, eta horretarako Mendizabalen eta Orozkoren laguntza izan zuen. Aquariumeko lehendakari Vicente Zaraguetaren urtebetetze eguna zela eta, omenaldi txiki bat egin nahi izan zion emanaldiarekin. Hiru hamarkada geroago, 30 diskotik gorako ibilbide oparoa osatu du Aurten 30 urte betetzen dira Juan Carlos Irizarrek Donosti romantico bere lehen lan diskografikoa argitaratu zuela. Denbora tarte luze horretan, disko ugari plazaratu du. «Ez ditut kontatu zenbat diren, baina 30 baino gehiago izango dira», onartu du musikagileak. «Garai hartan, gainera, ez zitzaidan burutik pasa ere egin horren ibilbide oparoa egingo nuenik». Musika askatasun osoz idatzi du beti, eta gustura dago bere lanek izan duten erantzunarekin. «Egia esan, jarraitzaile asko ditut». Piano-jotzailea ez ezik, Galdakaoko musika bandako zuzendaria ere bada . 22 urte daramatza ardura horretan, eta bandarako musika asko idazten duela azaldu du. «Galdakaoko auzo bakoitzarentzat pieza bat idazten ari naiz. Horretan ari naiz lanean azken hiruzpalau urtetan, eta dagoeneko hamar abesti egin ditut».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide