Euskaldun berriek euskaldun zaharrekin euskaraz hitz egin eta euskara egunerokoan erabiltzeko aukera izan zezaten abiatu zuten duela bost urte Mintzalagun programa. Egitasmoa urtez urte indarra hartzen joan da eskualdean. Iaz, esaterako, Aia, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarautzen denera 20 talde elkartu ziren astero, euskaraz aritzeko; 67 lagun, hain zuzen ere.
Aurtengo ikasturtean ere kopuru horri eutsi, eta, ahal bada, handitu egin nahi dute Urola Kostako Udal Elkateko eta udaletako Euskara Zerbitzuek. Horretarako herritarrak ekimenean parte hartzera animatu dituzte, euskaldun berri zein euskaldun zaharrak, «denak izango dira ongi-etorriak».
Orioko Udalak esaterako oriotarreo deialdi berezia egin die. «Orion ez zen iaz Mintzalegun talderik sortu, jende nahikorik ez zelako apuntatu. Horregatik, aurten ekimenean parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak» azaldu dute Orioko Udaleko Euskara Zerbitzutik.
Izena ematea zabalik
Mintzalagun ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek urriaren 4ra arte izango dute programan izena emateko aukera. Horretarako aukera izango dute Urola Kostako AEK euskaltegietan edo Zarauzko Udal Euskaltegian bertan. Baita, 943 13 01 75 telefono zenbakira hots eginda edo
urolakosta@aek.org helbidera idatzita.