Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herritarren eta herriko hainbat elkarteren "nahigabea" dela-eta, TAO zabaldu izanaren inguruko galdeketa egiteko eskatu dio PSE-EEk Zarauzko Udal Gobernuari. "Aurreko legealdian bezala, PSE-EEk hasieratik eskatu du galdetegi bat egiteko, zarauztarrek TAO zabaltzearen inguruko iritzi eman eta erabaki zezaten", azaldu dute: "Bildu, ordea, galdeketa egitera ukatu eta auzoz auzo bilera informatiboak egitera mugatu zen bere garaian".
PSE-EEk uste du herritarren parte hartzea "garrantzitsua" dela, galdetegien bidez gaian zerikusia dutenek iritzia eman dezaten. Hori dela eta, mahai gainean jarri dute berriz ere auzia: "Galdetegia eginez gero, udalak TAO sistema berriarekin herritarrak asebete diren ala ez jakingo du".
Horrez gain, balorazio ekonomikoa egiteko ere eskatu dio Udal Gobernuari, eta baita kudeaketari buruzko informazioa helarazi diezaion. Era berean, Abendañoko aparkaleku zerbitzuaren eta herriko autobusaren inguruko balorazioa egiteko galdegin dio. "TAO sisteman egin dituzten aldaketen inguruko balorazio erreala egin nahi dugu, hobekuntzak proposatu edota berriz ere bertan behera uzteko eskatzeko".
Bestelako aldaketak egin aurretik, galdeketa
PSE-EEk hainbat ekarpen egin zuen ordenantza aldatu zutenean, eta horietatik batzuk onartu zituen Udalbatzarrak. Hala ere, Bilduk zenbait aldaketen inguruko informaziorik herritarrei ez ziela igorri salatu du, aktibitate ekonomikoari lotutako txartelaz eta zarauztarrentzat sistemaren eguerdiko etenaldiaz, kasu. Hori dela eta, zarauztar askok ezin izan duela "onurarik lortu" nabarmendu du.
Era berean, egonaldi luzeetarako aparkalekua jartzeko proposatu zuen PSE-EEk, eta onartu onartu zutela nabarmendu du. Hori oraindik ez dutela martxan jarri gogoratu du, ordea. Halaber, Kortazarren eta egun brigadak biltegia duen gunean—San Pelaioko tren geltokiaren atzean—aldirietako aparkalekuak egokitzeko proposatu zuela dio: "Aukera horiek Abendaño edota Asti baino askoz ere egokiagoak ziren aldirietako aparkaleku gisa, baina Bilduk gutxietsi egin zuen".
Bestalde, Salberdineko aparkalekua egokitzeko 200.000 euro baliatu izana kritikatu du PSE-EEk: "Hasieratik bukaerara, zarrastelkeria hutsa izan da, izan ere, ez da ia erabili gaizki kudeatu delako gunea. Hori bai, txosnak jartzeko balio izan du, bizilagunak eta bisitariak non aparkatua ez zuten bitartean". Ildo horretatik, oraingoan Udal Gobernuak PSE-EEk egindako eskariari erantzungo diola espero du: "Bestelako aldaketarik egin aurretik galdeketa egingo duela espero dugu".