Azpeitiko Udalak bost langabetu kontratatuko ditu, lanaldi osoan bost hilabeterako. Kontratatutakoak herrilanetarako eta azpiegitura publikoak mantentzeko zerbitzuetarako izango dira. Izena emateko epea astelehenean (irailak 23) zabalduko dute eta urriaren 8an itxiko. Izena emateko orduan, eskaera orria beteta eta dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte Azpeitiko udaletxean, 08:30etik 14:00etara bitartean.
Azpeitiko Udaletik adierazi dutenez iaz Eusko Jaurlaritzak udalek langabetuak kontratatzeko partida murriztu egin zuen. Baina, egoera aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza programa bat jarri du martxan, eta horri esker Azpeitiko Udalak bost langabetu kontratatuko ditu.
Azpeitiko Udalaren lan eskaintzara aurkezteko bete beharreko baldintzak honakoak dira:
- Euskal Enplegu Zerbitzuan langabetu gisa izena emanda egotea.
- Azpeitian erroldatuta egotea, oinarriak udaleko iragarki taulan publikatu baino gutxienez sei hilabete aurretik.
- Eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik 18 urte beteta izatea.
- Zigorbidezko zehaztapidetza bidez, Administrazio Publikoetako erakundeen zerbitzutik baztertutakoa ez izatea, eta administrazio publikoan jarduteko gaitasunaz gabeturik ez egotea.
- Euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai izatea.
- B motako gida baimena izatea.
Programa hartzaileen lehentasunezko irizpideak dira:
- Hautapen data aurreko hamabi hilabeteen barruan langabezia laguntza edo prestazioa amaitu izana.
- Azkeneko lan harremana enplegu eskaintzaren data aurreko bi urteetan amaitu izana.
- Langabezia laguntzarik edo prestaziorik ez jasotzea.
- Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzaren jasotzailea izatea.
- Eskainitako lanpostuari egokitzen zaizkion ezagupenak edo lan trebetasunak izatea.
- Ardurapean mendekotasuna duten pertsona gehiago edukitzea, eta familia errentako ratio txikiagoa izatea.
- Emakumea izatea.
- 35 urte baino gutxiago edo 45 urte baino gehiago izatea.
- Pertsona desgaitua izatea edo adimen osasuneko arazoak izatea.