Azpeitiko kanpoko igerilekua erabili dutenen gehiengo handi bat Kirol Patronatuko bazkidea da

Nerea Uranga 2013ko irailaren 20a

Azpeitiko kanpoko igerilekua irailaren 15a arte egon da zabalik. Nahiz eta eguraldia lagun izan, aurten iaz baino erabiltzaile gutxiago izan ditu Azpeitiko estaligabeko edo kanpoko igerilekuak, iaz 36.063 erabiltzaile izan zituen eta aurten 35.829. Igerileku estaligabea ekainaren 15etik irailaren 15era egon da zabalik. Aurtengo erabiltzaileetatik % 88 (31.545) Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkide dena izan da, gainontzekoak bazkide ez direnak izan dira. Batez beste eguneko 385 lagunek erabili dute kanpoko igerilekua; jende gehien, berriz, uztailaren 9an ibili zen, 1.330. Datuak hilabeteka aztertuz gero, jende gehien uztailean ibili da, 21.864; abuztuan, 7.899 erabiltzaile zenbatu dituzte; ekainean, 3.332; eta irailean, 2.734. Kiroletako arduradunek emandako datuen arabera, igerilekua zabalik izan den 93 egunetatik 33 egun izan dira eguzkitsuak. Kirol Patronatua aurten kanpoko igerilekuak dituen gabezi batzuei irtenbidea ematen saiatu da, "aurtengo denboraldian kanpoko igerileku bezala erabiltzen den estalitako igerilekuko ura 24 gradutara berotuta eduki dugu". Kirol arduradunen esanetan, neurri horrekin erabiltzaileak "pozik" azaldu dira, baina hainbat arazo sortu da bertan, "erabiltzaile asko ibili da igerileku horretan eta zenbait momentutan araudiak eskatzen duena baino gehiago eta horrek uraren kalitatean arazo batzuk eragin ditu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide