Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarraren aurkezpena (Egilea: Aiora Larrañaga)
PDF-kongresua
Mundu guztiko emakume nekazariek eta baserritarrek arazo komunak dituztela konturatuta, herrialde askotakoen esperientziak bildu, eta batzuk besteen bizipenetatik eta ereduetatik ikas dezaten, urriaren 16tik 19ra Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarra egingo dute Zumaian, Haurralde Fundazioak, Malen Etxea Emakume Etorkinen Elkarteak, Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteak eta Zumaiako Udalaren babesarekin. Bertan, Bolivia, Dominikar Errepublika, Txile, El Salvador, Puerto Rico, Burkina Faso eta Euskal Herriko 13 emakume baserritarrek landa eremuko andreek dituzten arazoen, egiten duten lanaren eta ahalduntze prozesuaren inguruan hausnartuko dute; mahai inguruak, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dituzte.
Bizipenak partekatuz
Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarraren helburua ekonomia feministaren ikuspegitik herrialde askotako emakume baserritarren esperientzia partekatzea da. «Egun Euskal Herrian, eta, oro har, Europan larria da egoera ekonomikoa, eta horri irtenbidea emateko alternatibak lantzen ari gara. Hegoaldeko herrialdeetako emakumeen esperinetzia oso aberasgarria izan daitekeela uste dugu. Asko ikas dezakegu haiengandik, proiektuak testuinguru zailetan abiatu baitituzte», azaldu du Malen Etxea Elkarteko lehendakari Silvia Carrizok.
Haurralde Fundazioko lehendakari Patricia Ponceren esanetan, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasun eza oso presente izango da biltzarrean.
Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteko kideak euskal emakume baserritarren ahotsa izango dira biltzarrean. Elkarteko ordezkari Ana Eizagirreren arabera, «oso garrantzitsua» da landa eremuaren inguruko hausnarketa abiatzea. «Azken 25 urteetan galdu egin da belaunaldiz belaunaldi transmititu diren baserriko eskulana eta jakintza, baita zuzeneko salmetarako joera ere. Hori berreskuratu beharra daukagu, krisi ekonomikoak gogor kolpatu gaituen garaian gazte askorentzat irtenbidea izan baitaiteke». Ildo horretatik, artisau produktuentzat legedi berezia sortzea ere aldarrikatu dute.
Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarrak hiru egun iraungo badu ere, urriaren 14tik 19ra
bitartean izango dira emakume baserritarrak Zumaian. «Euskal Herrian landa eremuko emakumeek abian dituzten ekimenak bertatik bertara ezagutuko dituzte.
Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarra
Urriaren 16a, asteazkena
- 10:00etatik 11:00etara. Ekonomia feminista: Jabekuntza estrategiak mahai-ingurua.
- 11:00etatik 12:00etara. Generoa eta nekazal eraldaketa hitzaldia.
- 12:30etik 13:30era. Sare prozesuak jabekuntza estrategiak bezala hitzaldia.
- 15:30etik 19:00etara. Jabekuntza feminismoaren ikuspegitik tailerra.
Urriaren 17a, osteguna
- 09:30etik 10:00etara. Emakume Nekazarien Estatuturako Legearen Aurreproiektuaren aurkezpena.
- 10:00etatik 11:00etara. Landa kudeaketa eta emakume baserritarren kudeaketa prozesuak mahai-ingurua.
- 11:30etik 13:00etara. Emakumeon jabekuntza eta boterea hitzaldia.
- 13:00etatik 14:00etara. Landa gune ez tradizionaletako formazio teknikoak jabekuntza prozesu bezala hitzaldia.
- 15:30etik 19:00etara. Genero indarkeriatik irtendako emakumeen garapen ekonomikoa eta lanaren ondorioz ahalduntzea tailerra.
Urriaren 18a, osteguna
- 10:00etatik 12:00etara. Jabekuntza ekonomikoaren eguneroko esperientzia Bolivian mahai-ingurua.
- 12:30etik 13:45era. Jabekuntza ekonomikoaren eguneroko esperientzia herrialde desberdinetan mahai-ingurua.
- 15:30etik 19:00etara. Enpresa trebetasunak nola garatu praktikotasunetik eta talde lanetik tailer praktikoa.
Urriaren 19a, ostirala
- 10:00etatik 10:30era. Gaur zortzi azokan dokumentala emango dute.
- 10:30etik 13:30era. Artisau eta landa ekintzaileen esku aldi bereko tailerra izango da.