K1eko estropada zuen lehen erronka Xabier Osa piraguistak beteranoen Munduko Txapelketan, eta ezin hobeto atera zaizkio gauzak. “Estropada oso ondo joan da, aurreko urteetan beti aurretik izan ditudan aurkari batzuk atzean utzi ditut aurten, eta bigarren amaitu dut. Zilarrezko dominarekin oso pozik nago”. Bihar, osteguna, beste domina bat irabazteko aukera izango du K2an, Luis Medranorekin. Telefonoz kontatu dizkigu estropadako gorabeherak.
Lan onak ematen duen pozarekin sumatu dugu Xabier telefonoaren bestaldean. “Gauzak ondo atera dira. Pentsa, irteeran ere aurrena atera naiz… Josemaren [Balenziaga, prestatzailea] efektua! [esprinta ez da Xabierren dohainetako bat]“. Lehenengo ziabogan arrisku momentu bat izan du, baina gaurkoan, zorionez, ez du ezbeharrik izan. “Ziabogan errusiarra –Europako txapelduna– bidea ixtera joan da, eta palarekin nire piraguaren punta jo eta irauli egin da. Badakit haserre zegoela eta protesta ere egin duela, baina maniobra berak egin du”. Hortik aurrera, hirukoteak hartu du estropadaren burua. “Australiarra, alemaniarra eta hirurok. Elkarren berri badugu, urtero borrokan izaten baikara. Beti aurrean ibili ohi den belgikarra, berriz, atzean utzi dugu. Inoiz ez diot irabazi eta aurten bi minutuko aldea atera diot”.
Piragua lehorretik garraiatzeko bigarren tartean australiarra makal samar ikusi du Xabierrek eta irteeran erritmoa gogortu du. “Atzean utzi dugu eta alemaniarrak eta biok egin dugu aurrera. Bion artean egin dugu lana, txandaka, eta azken garraiatzean erabaki da txapelduna. Ni ez naiz ondo moldatu, eskubitik sartu naiz baina jende asko topatu dut eta ezkerrera egin behar izan dut. Bera ni baino freskoago zegoen eta hortxe egin du tartea. Garraiatzetik helmugara 500 metro zeuden eta bera gehiago izan da, ez dago aitzakiarik. Aurten bera oso fin etorri da, beste urteen aldean kilo dezente argalduta, eta oso ondo irabazi du”.
Gaur egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin gogotsu ekingo dio Mundialeko bigarren erronkari:K2ko estropada. Iaz urrea lortu zuen Erroman Medranorekin, eta aurten ere lehian izango dira. Hala ere, aurten maila handia egongo dela aurreratu digu: “Belgikarra aterako da, gaur irabazi didan alemaniarra ere bai, eta errusiarra ere bai… Eta pentsatzen dut mendeko gosea izango duela…”. Hitzordua, bihar, osteguna, 11:00etan.