Espainia hasi da ontziolen inbertsiogileen inguruko informazioa Bruselara bidaltzen

Urola Kostako Hitza 2013ko irailaren 18a

Zumaiako Balenciaga ontziola. Leire Ventas Hala jakinarazi du Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako ministro Arantza Tapiak Madrilen, Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriarekin bildu berritan: "Ogasun ministerioak bidali du Bruselara dirua itzultzeko egin beharreko operazioak zehazten dituen txostena". Hala adierazi dio Soriak bileran, nahiz eta xehetasun gehiago ez dion eman, Tapiaren arabera. "Berak ez du txostena ikusi, baina zerbait bidali dute". 2007 eta 2011 urte bitartean Espainian 190 ontzi eraiki ziren, horietatik 130  tax lease sistemaren bidez jasotako laguntzei esker. Haietako asko, gainera, Euskal Herrian egin zituzten. Pasa den uztailean Europako Batzordeak sistema horren bidez emandako  diru laguntzak legez kanpokoak direla ebatzi zuen, eta horiek itzultzera behartu. Ez ditu, ordea, ontzigintza sektoreak bueltatu beharko; inbertsiogile handiek baizik. Hala ere, horrek sektoreari zuzenean eragingo diola esan zuten ontziola pribatuetako ordezkariek zein hainbat sindikatu eta alderdi politikok. Hori dela eta, Tapiak Espainiak epea betetzea "ezinbestekoa" zela nabarmendu zuen, ontziolak "normaltasunera" itzul daitezen. Behin operazioa zehaztuta,  onura fiskalengatik jasotako laguntzak nork eta zenbat ordaindu beharko dituen jakinaraztea falta dela gaineratu du. Tapia pozik agertu da, Espainiako Gobernuak epea bete duelako."Aurrerapausoa da, orain arteko egoerak ez baitio mesederik egiten sektoreari". Hori dela eta, auzia "behin betiko" ixtea nahi du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, "iraganeko akatsak ez errepikatzeko" : "Dagoeneko bi ontzi kontratatu dira sistema berriarekin, eta hori babestu nahi dugu fiskalitate aldetik"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide