Aiako Altxerri haitzuloko goiko galerian aurkitutako margoek 39.000 urte dituztela eta Europako zaharrenak direla argitaratu da
Journal of Human Evolution zientzia aldizkarian; antropologia eta Historiaurreko arkeologia arloan nazioarteko argitalpen garrantzitsuenetakoan, alegia. Ikerketa diruz lagundu zuen Aranzadi Zientzia Elkateak, eta «pozik» dago zientzia aldizkari garrantzitsuan Altxerriren inguruko ikerketa argitaratu delako. «Ikerketek berriz ere Altxerriko margoen antzinatasuna bermatzen dute, Euskal Herriko nahiz Europako zaharrenetakoak direlarik», adierazi du elkarteak prentsa ohar bidez. Hala ere, zuhur jokatu nahi du Aranzadik, eta ez du baloratu Europako rankinean margoak zaharrenak diren edo ez.
2011n abiatu zuen ikerketa Altxerriko goiko galerian Aranzadi Elkarteko bazkide Aitor Ruiz, Cesar Gonzalez, Diego Garate eta Enerko Iriarte zientzialariek osatutako taldeak, Kantabriako Unibertsitatearekin elkarlanean. Ordura arte Altxerri haitzuloko beheko galeria aztertu zuten zientzialariek, baina goiko galeria, B galeria moduan ezagutzen dena, ezezaguna zen oraindik. Bertan felido eta bisonte baten margoak eta hezur bat aurkitu zituzten.
Hezurra abiapuntua
Margolanen azterketa egiterako orduan marrazkiei data jarri beharrean, Altxerriko B galerian bisontearen marrazkiaren alboan aurkitu zuten hezurra zein garaitakoak zen aztertu zuten lehenbizi. Hezurrak 39. 000 urte inguru zituela ondorioztatu zuten ikerlariek.
Hortik abiatuta, B galerian zeuden margoak garai horretako beste margo batzuekin alderatu zituzten, margoak ere garai horretakoak ziren ziurtatzeko.
Altxerriko beheko galeriako margoak Magdalen aldikoak dira; duela 13.000 urte ingurukoak, hain zuzen ere. Hori jakinda konturatu ziren Altxerriko A eta B galeria ez zirela garai berekoak, eta ziurrenik aitzinan ezinezkoa izango zela beheko aldetik gora igarotzea. Horregatik, bi galeria independenteak zirela uste dute.
Ikerketan parte hartu zuen Diego Garate arkeologian doktoreak UROLA KOSTAKO HITZA-ri azaldu dionez, Altxerriko kobazuloaren beste berezitasunetako bat hormen izaera da. «Altxerrin aitzuloko horma margotu baino lehenago, pareta bera prestatu egiten zuten. Altxerriko hormak bustin kolorekoak dira, eta gainean margotzen bada ez da gehiegi nabaritzen. Horregatik, garaiko biztanleek kontrastea lortzeko eta margolanak ikusgarriagoak egiteko paretak harriekin urratzen zituzten, eta modu horretan hormak zuritzea lortzen zuten. Horren gainean margotzen zuten beltz kolorez».