(Ane Olaizola/Hitza)
Iker Buenok (Azpeitia, 1988) Iurgi Caminosen lekukoa hartu du, eta Azpeitia-Azkoitia ISB taldea entrenatuko du datorren denboraldian. Zilarrezko LEB Ligan jokatzen du saskibaloi taldeak. Gaztea izanda ere, ibilbide luzea du Buenok entrenatzaile gisa, eta azken hiru urteetan Caminosen eta Jon Txakartegiren alboan ikasitakoari «erantzukizunez» heltzeko prest da azpeitiarra.
Zer moduz doa aurredenboraldia?
Abuztuaren 26an hasi genuen, eta bi partida jokatu ditugu. Lehen bi asteetan taldea osatzen aritu gara. Momentuz, ordea, erritmo onean ari gara entrenatzen, eta gustura gaude. Euskal Koparen barruan ari gara norgehiagokak jokatzen. Larunbatean Centros de Estudio Mikeldiren aurka irabazi genuen, baina igandekoa galdu egin genuen, Frantziako Tarbes taldearen kontra.
Aurredenboraldia garrantzitsua izaten da denboraldirako taldea osatzeko, ezta?
Azken finean, jokalariek elkar ezagutu dezaten eta nik jokalariek zer gaitasun eta ezaugarri dituzten jakiteko balio du. Garrantzitsua da denboraldia erritmo onean hasteko.
Jokalari fitxatu al dituzue, edo hainbati kontratua berritu diozue?
Aurreko urtean gurean izan ziren gipuzkoarrak Iraurgin jarrai dezaten saiatu gara, eta Lander Lasa tolosatarrak, Beñat Barberenak arrasatearrak eta Joseba Ibargutxi donostiarrak gurekin segiko dute. Etxekoei dagokienez, Ibon Guridik aurrerapausoa eman behar zuela uste genuen, eta lehenengo taldean arituko da. Imanol Zubizarreta aurreko urtean bigarren eta lehenengo taldean egon zen, eta aurten lehenengoan soilik arituko da. Xabier Orozek talde nagusian jokatuko du, eta Jon Etxaniz eta Jakes Alberdi lehenengo eta bigarrengo taldeekin arituko dira.
Orduan, jokalariak fitxatu baino kontratuak berritu al dituzue?
Jokalariak berritzeaz gain, ligak eskatzen duen mailara iristeko hainbat fitxatu ditugu. Besteak beste, Pape Sow senegaldarra fitxatu dugu, aurrera begira jokalari garrantzitsua izan daitekela uste dugulako. Fede Ucle gazte espainiarra ere gurekin ibiliko da. Espainiako Selekzioarekin maila bat beherago ibili da, eta puntuazio ona erakutsi du. Harentzat ere aurrerapausoa izango da mailaz igotzea. Xavier Asalit kataluniarra eta Zile Gediminas lituaniarra ere gurekin izango dira.
Nolako taldea osatu duzue?
Fitxatu ditugun jokalariak eta taldea, oro har, oso gaztea da. Beteranoen lasaitasuna baino, gazteen bizitasuna lortu nahi izan dugu. Jokatzeko gosez dauden taldekideak izatea da helburua. Erritmo biziko taldea eta defentsa erasotzailea duena nahi dugu.
Denboraldirako zer helburu dituzue?
Oraindik zaila da zehaztea, baina lehenengo helburua denboraldiko lehenengo partida irabaztea da, eta hori prestatzeko sei aste ditugu. Entrenamenduetan ahalik eta gehien saiatuko gara, eta partidatik partidara ikusiko dugu ligan nolako maila daukagun. Helburua da aurreko urteetako mailari eustea. Horrez gain, entrenamendu eta partida bakoitzean maila hobetzen saiatu behar dugu.
Taldeak hainbat arazo ekonomiko izan du, baina Zilarrezko LEB Ligari eutsi dio. Aurrekontua itxi gabe izateak eraginik izan al lezake datorren denboraldian?
Arazo hori ez da soilik Iraurgirena. Ditugun aukerekin ahalik eta talde sendoena egiten saiatu gara. Uste dut talde lehiakorra osatu dugula, eta, beraz, kirol aldetik ez luke oztopo izan behar.
Hiru urtean bigarren entrenatzaile izan ziren. Orain lehen entrenatzailea izatea erronka al da zuretzat?
Aukera eta erronka da. Erantzukizun handiagoa dut, baina ilusioz hartu dut, goi mailan diharduen herriko taldea entrenatzeko aukera izango dudalako. Talde nagusia entrenatzeko gai ikusten dut nire burua, eta aukera aprobetxatuko dut.
Jauzi handia izango al da?
Bada jauzia, baina jendeak uste duena baino txikiagoa. Aspalditik nabil Iraurgin, partidak zuzentzen. Mailari dagokionez salto handia izango da, baina dinamika ezaguna dut.
Iraurgik zugan konfiantza izatea pozgarria izango da, ezta?
Bai, noski. Gustura hartzen da. Nigan konfiantza izan duen jendeari eguneroko lanaren bidez erantzungo diodala espero dut.
Caminosek eman dizu aholkurik?
Aholkuak azken bi urteetan, egunerokotasunean, jaso ditut. Orduan jakiten duzu zer egiten den ondo eta zer ez den egiten. Iurgik eta Jon Txakartegik —duela hiru urteko entrenatzaileak— entrenatzaile izateko hezi naute. Hiru urteak formaziorako izan dira, eta orain baliagarria izango zait.
Alboan beste azpeitiar bat izango duzu: Xabier Aranburu prestatzaile fisikoa.
Xabierrek ni baino urte gehiago darama talde nagusian. Beharrezkoa da halako esperientzia duen eta laguna den norbait alboan izatea. Momentu zailetan ondoan izango dut, eta, beraz, oso gustura nago.
Zaleak ere ondoan izango dituzue, ezta?
Zaleek zerbait erakutsi badute, eman duten babesa izan da. Duela hiru urte azkenengo postuan geratu ginen, baina hala ere kiroldegia bete egiten zuten zaleek. Duela bi urte ere une zailak izan genituen, baina modu berean erantzun zuten. Beti alboan daudela erakutsi dute, baina guk ere erakutsi behar diegu horretarako arrazoiak dituztela. Ilusioz bete behar ditugu, batez ere gazteenak, saskibaloira hurbildu daitezen. Etxeko jokalariak izanda, lanaren bidez maila horretara iristea posible dela jakin behar dute.