Uxue Alberdi idazlea, Marimotots eta Porrotx pailazoen artean, liburuak eskuetan dituela (Argazkia: Elkar)
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen inguruko abentura berriak eman ditu argitara Elkar argitaletxeak, Katxiporreta kooperatibarekin elkarlanean. Oraingo honetan
Biluzik izeneko bilduma berria sortu dute, 2 urtetik aurrerako neska-mutilei zuzenduta, eta sexualitatea lantzea dute helburu. Horretarako, lau liburu proposamen aurkeztu dituzte:
Pirritx titia ematen,
Porrotx ispiluan,
Marimotots errekan eta
Pupu eta Lore zilipurdika.
Pailazoen istorioen ohiko kontalari Mitxel Murua zarauztarrak idatzi ditu bildumako lehen hiru kontankizunak (
Pirritx titia ematen,
Porrotx ispiluan,
Marimotots errekan). Laugarrenaz (
Pupu eta Lore zilipurdika), berriz, Getarian bizi den Uxue Alberdi elgoibartarra arduratu da.
Haurrentzako lagungarri
«Beti daukate zeresana beren liburuetan, eta oraingo honetan gai berri batekin ausartu dira: sexualitatearekin», aditzera eman zuen Elkar argitaletxeko editore Antxiñe Mendizabalek. «Jakina denez, sexualitateak bere garrantzia du jaiotzen garen unetik hiltzen garen arte; gure burua ezagutzeko, baita gure buruarekin eta besteekin harremanetan ere. Hori horrela, haur txikiekin lantzeko moduko gaia dela iruditu zaigu. Aspalditik geneukan ideia da, eta liburu hauek ikuspegi polita bezain lagungarria ematen dute».
Sexualitatea ikasi egiten den zerbait dela nabarmendu zuen argitaletxeko kideak aurkezpenean. «Hala baldin bada, liburu hauek balioko dute ikasteko eta laguntzeko. Bide hori urratu nahi du».