Atzoko plenoko irudi bat (Nerea Uranga).
Azpeitiko Udalbatzak herenegun plenoan onartu zuen behin betikoz Azpeitiko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra. EH Bildukoen eta EAJkoen aldeko botoekin onartu da; Hamaikabateko ordezkariak kontra bozkatu du. Dokumentua onartuta, alde guztiak «pozik» azaldu ziren atzo plenoan. «Azkenean Azpeitiak badu plana», adierazi zuen osoko bilkuran Eneko Etxeberria alkateak (EH Bildu). «Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra herri batek etorkizunerako daukan tresna garrantzitsuenetakoa da. Agintaldia hasi genuenetik oso presente eduki dugu hori, eta denbora asko hartu dugu horretarako».
Udaleko alderdi guztietako ordezkariek plana osatzeko lanean jardundako denak eta talde teknikoa zoriondu dituzte. Herriaren antolamendurako onartu duten planaren «onena etorkizuna» dela nabarmendu du alkateak. «Etorkizuna marraztu egiten du, eta sendotasunez, gainera».
«Korapiloak askatuta»
Urteetan Azpeitia Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrik gabe egon da, aurretik onartutakoak auzitegiek balio gabe utzi dituztelako, alkatearen esanetan. «Azpeitiko Udala kinka larrian egon da urte askotan, bai ardura aldetik bai ekonomikoki, udaleko tresna garrantzitsuena anulatuta edo baliogabetuta egon baita; honek ekarri duenarekin: lizentziak ezin eman, eztabaida judizialak... Orain onartu berri dugun Plan Orokor honi esker, hori guztia gainditu egiten da. Hau da, babes juridiko osoarekin, gatazka guztiei eta herritarrei irtenbidea eta babesa ematen die».
Azpeitiko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra osatzerako orduan herriko hainbat eremuren inguruan gatazka handiak sortu dira aldeen artean. Hori ere gogora ekarri du alkateak: «Plan Orokor hau egitera iristeko orduan, puntu batzuetan erraztasunez lortu dira adostasunak, guztiok ados geundelako. Baina badira beste eremu batzuk oso-oso gatazkatsuak izan direnak, 15 urtez korapilatuta egon direnak, eta oztopo izan diren korapilo denak askatzea lortu da. Beraz, jauzi kualitatibo oso garrantzitsua eman da».
Alkateak hartu du ardura
Plenoan Plan Orokorra behin betiko onartzerako garaian, alkateak berak «argi eta garbi» planaren gaineko ardura osoa hartu du. «Planak izen-abizenak ditu; alkatearenak. Aurretik gertatu direnak kontuan hartuta, neu, alkate naizen hau, planaren arduradun egiten naiz».
Udalak onartu berri duen herrirako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra eduki aldetik «oso egokia» dela uste du alkateak. «Aurretik mahai gainean izan diren gainontzeko planak baino egokiagoa da: herria herri barrura hazteko ahalegina egin da planean, eta errelitateari lotutako etxebizitza kopurua aurreikusi da, etxebizitza sozialen aldeko apustua eginez. Horrez gain, Amueko eremuari dagokionean, Corrugadosen gaur egungo egoera aintzat hartzen du», azaldu du.
«Prozedura konplexua»
EAJko zinegotziak ere pozik azaldu dira, Plan Orokorra behin betiko onartu dutelako. «Konplexua izan da prozedura. Baina gure alderdiak jarrera baikorra izan du plan hau egiterakoan, eta bat egin du planarekin», azaldu du plenoan Aitor Gorrotxategi zinegotziak. Plana «Azpeitia hobe bat egiteko eta izateko» baliogarria izango delakoan daudela gaineratu dute.
Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotzia ere pozik azaldu da «Azpeitiak plan bat baduelako». Eta «agintaldia hasi zenetik hori hala izateko egindako ahaleginagatik», teknikoak, alkatea eta udaleko kideak zoriondu ditu.
Hamaikabatek kontra
Baina bere kontrako botoaren argudioak ere azaldu ditu Hamaikabateko zinegotziak. «Dokumentuan gauza batzuk ez dira guk nahi bezala jaso. Planaren hasierako onespenaren garaian helegite batzuk aurkeztu nituen, eta atzera bota ziren». Horietako bakar batzuk ere aipatu ditu Arangurenek azkenengo udalbatzarrean: «Dokumentua bera, konplexua izan arren, hasieratik euskaraz egitea da eskatu duguna; parte hartzearen gainean, herritarren sentsibilitate hori jasotzeko bidearen falta ikusi dugu; etxe kopuruarekin ez gatoz bat; eta, Amue eremua aztertzeko denborarik hartu ez izana ere faltan eman dugu».
EAJri azalpen eske
Alde bakoitzak bere iritzia eman ondoren, Aritz Epelde EH Bilduko zinegotziak EAJkoei plan orokorraren inguruan eta Auzaratzako eremuaren inguruan «azalpen zehatzak» emateko eskatu die udalbatzarrean. «Zehazki Aozaratzako eremuko auzibidean eta gatazkan azken udal hauteskundeetan EAJk alkategai aurkeztutakoa eta zinegotzi izandakoa izan da tarteko, eta oraindik argitu ez dituzten jarrera horiek argitzeko eskatzen diot EAJri. Hamalau urte inguru iraun du gatazkak, eta uste dut azalpen bat merezi dutela bertako bizilagunek eta herritarrek», adierazi du Epeldek. «Aipatutako pertsona horrek zinegotzi kargua utzi zuen, eta udaletxean egon den denboran Jesus Larrañagari berari, zuzenean galdetu behar zenion», erantzun dio Epelderi EAJko zinegotzi Itziar Lasak.
Aitor Gorrotxategik, berriz, Plan Orokorraren gaineko iritzia eta jarrera EAJk «garbi azaldu» duela erantzun dio plenoan EH Bilduko zinegotziari. «Pertsona zehatz bati buruz ari zara, eta hori orain ez dago udalean», gaineratuz.