Joseba Orella: "Kilometroetan urte osoko lana egun batean jokatzen da"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 18a

Joseba Orella (Orio, 1986) buru-belarri ari da antolatzen 2014ko Kilometroak festa. Telefono mugikorra belarritik bereizi ezinik dabil, batekin hitzordua zehazten duen bitartean, besteari une batez itxaroteko esanez. Hala ere, oriotarrak tartetxo bat egin dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri, jaiaren antolaketaren inguruan hitz egiteko. (Aiora Larrañaga/Hitza) Aspalditik al zuen Orioko Herri Ikastolak Kilometroak festa Orion antolatzeko asmoa? Bada denbora Orioko Herri Ikastola finantzazio iturri berriak aztertzen hasi zela. 2004an egin zen azken aldiz Kilometroak jaia Orion, baina kontuan hartu behar da Zarauzko Salbatore Mitxelena eta Oteiza Lizeoarekin batera antolatu zela. Oso ondo atera zen festa, baina irabaziak hiru ikastetxeen artean banatu zirenez, ez zen lortu espero bezain beste. 2014ko Kilometroak festan lortzen diren irabaziak eraikin berriaren hipoteka ordaintzeko izango dira. Orain arte ikastolak leku falta zuelako eraikinean inbertitu izan du, adreiluan edo zementuan, alegia. Helburua zulo hori ahal den heinean estali, eta aurrerantzean hezkuntza arloan inbertitzen hastea da. 2004ko Kilometroak oso ondo atera zen. Hala ere, beldur pixka bat emango du horrelako festa erraldoia antolatzeak, ezta? Festa handia da, lan handia eskatzen du, eta errespetua ematen du. 2004ko Kilometroak Orio eta Zarautz artean antolatu bagenuen ere, guk oriotarron festa moduan bizi izan genuen jaia. Herritarren parte hartzea oso handia izan zen, oriotarrak benetan busti ziren, eta emaitza oso ona izan zen. Hala ere, kontuan hartu behar dugu Zarautzen ere jendetzak parte hartu zuela 2004ko Kilometroak festa antolatzerako orduan. Guk jakin badakigu herri txikia garena, baina sinesten dugu Ikastolaren inguruko komunitatea sendoa dela, eta iruditzen zaigu ez dela arazorik izango boluntario sarea osatzerako orduan. Herri txikia izanik, herritarren ehuneko handi batek jaiarekin bat egitea nahiko genuke. Festa herrira egokitu beharko da. Aurten Tolosan egingo dute Kilometroak festa. Tolosako herria bera eta bertako ikastola Oriokoa baina handiagoak dira, eta guk Oriok eskaintzen dituen aukeretara moldatu beharko dugu. Tolosan, esaterako, zazpi guneko ibilbidea osatu dute. Orion planteamendu hori ezingo dugu egin. Eguraldiak ere eragin zuzena izaten du Kilometroak jaian. Kezka sortzen al dizue horrek? Kilometroetan urte osoko lana egun batean jokatzen da; jaiaren baitakoa da hori. Dena dela, ezin da gai horrekin itsutu, eta ilusioz antolatu behar ditugu jaia bera eta horren inguruan abiatuko ditugun ekimenak. Urtean zehar antolatuko ditugun egitasmoak herri dinamikari begira egingo ditugu; ikasturtean zehar jaiaren espiritua sustatu nahi dugu horrela. Kilometroen baitan antolatzen dugun agenda Orioko Udalak eta gainontzeko eragileek antolatzen dituzten egitasmoen  osagarria izatea nahi dugu. Horretarako, denon arteko koordinazioa garrantzitsua izango da. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pasa den astean egin zenituzten lehen aurkezpen bilerak. Zer moduzkoa izan da herritarren harrera? Urte osoko lana izango da boluntario sarea osatzea. Lehen bilerak herritarrak kokatzeko balioko dutela uste dugu. Jende dezentek eman du izena, eta eman ez duten asko lan taldeen inguruan galdezka ari dira. Pixkanaka lan taldeak gorputza hartzen hasi dira. Kontuan izan behar da lan taldeek urte bete dutela aurretik festa antolatzeko, eta gogotsu hasi dira. Zenbaitek 2004eko lan taldeetan parte hartu zuen, eta badira asko duela 10 urte egunean bertan parte hartu zutenak, baina oraingoan antolaketa prozesua barrutik biziko dutenak. Azken horiei ilusio berezia antzematen zaie. Nolakoa izango da lan taldeetako dinamika? Hamabost lan talde sortuko ditugu, eta horietako batzuk azpitaldeak izango dituzte. Zirkuitua eta Segurtasuna lan taldea, esaterako, Zirkuitua, Segurtasuna eta Zirkulazioa azpitaldeetan banatuko dugu. Lan talde batzuetan urtean zehar jende gehiago beharko da, plangintza eta antolaketa arlokoak direlako. Beste lan talde batzuek, berriz, egunean bertan izango dute lan karga handiagoa. Gure asmoa lan taldeak bi astetik behin elkartzea da, eta hilean behin batzordeetako arduradunekin elkartuko litzateke koordinazio taldea. Batzordeak ahal den heinean erabakiguneak izatea nahi dugu, baina askotan lan taldeek hartzen dituzten erabakiek beste batzordeetan eragina izango dute. Kasu horietan, koordinazio taldeak aztertuko ditu gaiak. Herriko eragileek hartuko al dute parte Kilometroak 2014 festan? Gure asmoa herri osoak parte hartzea da: eragileek, dendariek, tabernariek, eta herritar orok. Behin lan talde guztiak martxan jartzen ditugunean, urrian herriko eragile guztiekin erronda bat egingo da, zer elkarlan mota egon litekeen zehazteko. Kilometroak antolatzen denean, zerotik hasten al da ikastola antolatzailea, edo beste herrietako esperientzia kontuan hartzen da? Euskal Herriko Ikastolen Elkartea lurraldekako federazioek osatzen dute, eta Gipuzkoako Federazioan Kilometroak Kultur Elkartea izeneko erakundea dago. Festa Kilometroak Kultur Elkartearena da, eta horrek urtero ikastola bati esleitzen dio jaia, berak antolatu dezan. Beraz, festa ez da urtetik urtera aldatzen, jarraikortasuna badu, baina ikastola bakoitzak jaiaren hausnarketa eta irakurketa egiten du, herria eta ikastola bera oinarri hartuta. Lan dinamikak ere urtetik urtera transmititzen al dira? Ekainetik Tolosako batzordeetan parte hartzen eta festaren jarraipena egiten ari naiz, dinamika zein den ezagutzeko. Horretaz gain, hemengo batzordeetako arduradunak Tolosako batzordeetako arduradunekin bildu dira, Tolosakoen esperientzia, dinamika eta nondik-norakoak zein izan daitezkeen ezagutzeko. Ez gara zerotik hasten horrelako festa bat antolatzerakoan, informazioa trukatzen da. Herritarrek dagoeneko eman al dezakete izena? Bai, noski. Ikasturtean zehar Kilometroak 2014 festa gizarteratzen joaten garen heinean, uste dugu herritarrak jaian murgiltzen joango direla, eta izena ematera animatuko direla. Hala ere, guretzat egokiena hasieratik lan taldeak nahiko osatuak izatea izango litzateke, urteko plangintza osatzerako garaian. Herritarrak izena ematen joaten diren heinean, Giza Baliabideak lan taldeak boluntario sarea lan batzordeen artean banatuko du, beharren arabera. Dena dela, herritarren aukera errespetatzen saiatuko dira. Oriotarrek idazkaritzan bertan edo Orioko Herri Ikastolako webgunean izango dute lan taldeetan izena emateko aukera, banaka nahiz taldeka. Jende askok oraindik urruti ikusten du 2014ko urria, baina egunean bertan dena primeran atera dadin garrantzitsua da dena koordinatuta izatea. Laster hartuko du Orioko Herri Ikastolak ofizialki Kilometrotako lekukoa, ezta? Bai. Orain arte Kilometroak antolatzeko lanean aritu gara, baina ez da lan publikoa izan. Behin Tolosan urriaren 6an lekukoa hartzen dugunean, webgunea martxan jarriko dugu, eta jaia gizarteratzeari ekingo diogu. Gure asmoa Kilometroak 2014ko aurkezpen ekitaldia azaro amaieran egitea da. Leloa eta logoa ezagutaraziko dira orduan, ildo estrategikoak eta jaiaren espiritua gizarteratuko dugu, eta neguko arropa erakutsiko dugu. Aurkezpen ekitaldia ikuskizun bat izango da. Aurkezpen ekitaldiaren biharamunean denda irekiko da herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide