Bihar bilera egingo dute Putzuzulon, gaztetxearen eraberritze lanak direla-eta

Zarauzko Hitza 2013ko irailaren 17a

2005eko urriaren 30ean zabaldu zuten Zarauzko gaztetxea. Orain eraberritze lanekin hasiko dira. Beste aurrerapauso "garrantzitsu" bat ematera doa Zarauzko Putzuzulo. "Etengabe aldatuz doa mundu, baita pertsonok ere. Putzuzulo gaztetxeak ere eraldatzeko garaia duela uste dugu, nor garen eta nondik gatozen ahaztu gabe etorkizunera begiratu eta salto egiteko garaia", adierazi dute. Horretarako guztien parte hartzea "ezinbestekoa" da: "Denon artean sortu genuen ametsa denon artean osatzen joateko". Proiektu "zahar" horri bultzada berria eman eta denen esku hartzearekin dinamika "berritzailea eta indartsua" sortzeko asmoa dute hala: "Lagun zaharrak elkartu eta lagun berriak egitera goaz". Horretarako, urteurrena bitartean (urriaren 30ean beteko ditu zortzi urte) gaztetxearen ohiko egitarau betea etetea erabaki dute. Ez dute, ordea, gaztetxea itxiko. Hain zuzen, datozen sei astetan ateak "beti bezain zabalik" izango ditu eraldaketa horretan parte hartu nahi dutenentzat. "Buzoa janti eta behar duen berritua emango zaio tarte horretan lizundiako eraikuntza zaharrari". Egunero jardungo dute lanean, baina larunbatetan egingo dituzte lanik gogorrenak, jende gehien beharko dituztenak. Asteazkeneatan, berriz, "gorputzaz gain buruari eta mingainari ere emango" diote, etorkizuneko norabidea zein lan ildoak finkatze aldera. Bihar elkartuko dira lanak antolatzeko. Irailaren 21ean, larunbatean hasiko dira auzolanean. 10:00etan jarri dute hitzordua. Gainotzean, egunero egingo dituzte berritze lanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide