Hiri paisaia eklektikoan barna

Aritz Mutiozabal 2013ko irailaren 17a

Udaletxea Portu Etxea jauregian dago. (Argazkia: Idoia Unzurrunzaga) Interes arkitektonikoa duten Zarauzko eraikinen inguruko argazki erakusketa zabaldu du Photomuseumek, Zarauzko arkitektura izenburupean, urriaren 13ra arte. Proiektuaz Idoia Unzurrunzaga arduratu da. Arkitektura-argazkilaritzan bereizituta dago egilea, eta izatez donostiarra bada ere, lotura zuzena du herriarekin. Alde batetik, jatorri zarauztarra du; bere aiton-amonak herrian bizi ziren, eta aita bertan jaioa da. Bestetik, betidanik izan du harremana Argazki eta Zinema Museoarekin. Hain justu ere, haien enkarguz sortu da proiektu hau. «Photomuseumeko kideek proposatu zidaten gaia, eta haiek eman zidaten Zarauzko eraikin adierazgarrien zerrenda. Hortik abiatuta, libre aritu naiz lanean, nire erara eta nire irizpideak jarraituz». Zuri-beltzezko 33 irudi jarri dituzte erakusgai. Ez dela «lan dinamika azkarra» izan nabarmendu du argazkilariak. Argazki mota horiek egin ahal izateko tripodearen laguntza behar izaten du. Hori horrela, «tripodea kalean paratzen duzu, eta zain geratzen zara eraikinari begira, guztia aztertzeko: argiak zein ordutan ematen dion fatxadari; zein itzal botatzen zaion gainera; zein argi izango litzateke egokiena; zeintzuk diren distantzia mugak... Horrelako xehetasunak  begiratu eta hausnartu egiten dira». Arkitektura argazkilaritzaren formalismoa hautsi nahi izan du, eta herritarrak txertatu ditu irudietan. «Normalean, eraikinei buruzko argazkietan ez da pertsonarik agertzen. Kasu honetan, Photomuseumentzako lan bat izan denez eta zarauztarrek erakusketa ikusteko interesa izan dezaketenez, herritarra irudietan sartu dut. Protagonista nagusia eraikina da, baina herritarrak horren inguruan duten egunerokotasuna islatu nahi izan dut». Horren adibidea da, esaterako, udaletxeari ateratako argazkia; lore-saltzailea bere karroarekin edo emakumea bizikleta gainean ikus daitezke bertan. Vista Alegre etxebizitza zorrotza.(I.U.) Eraikina bere inguruan Irudi orokorrak dira: eraikinekin batera, beren inguruan dagoena erakusten dute. «Hiri paisaien kutsuko argazkiak dira». Iaz eta aurten aritu da herria iruditan hartzen, eta «oso ongi pasatu» duela aitortu du. Prozesuan eraikin bakoitzari hainbat argazki atera dizkio. Lehen erreportaje fotografikoa iaz egin zuen, baina aurten «berritu» egin du, hirigintzako hainbat lan egin dituztelako herrian. «Eraikuntza bakoitzari buruzko ikuspuntu bakarra erakutsi dut. Baina gauzak ikuspuntu, begirada eta argiztapen ezberdinak dituzte, eta horietatik bat aukeratu behar da. Eta aukeraketa egitea askotan zaila da». Proiektuari esker Zarautz gehiago ezagutzeko balio izan dio. «Beti ikusten duzu zerbait berria. Oraingo honetan, enkargua handiagoa zenez, gehiago ikusi dudala iruditu zait. oso herri erosoa da, laua, eta, era berean, eklektikoa, denetariko estilo arkitektonikoak daude».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide