Aurreko ostiralean, irailaren 13an, Japoniako telebista publikoko lan-talde bat etorri zen Oriora. Donostiako untzi-museoan emandako informazioari esker, gurean balearen arrantzari buruzko datuak eta irudiak jasotzera etorri ziren.
Hala, udaletxean dagoen beiratea eta Balea elkarteko koadroa hartu zituzten iruditan. Horrez gainera, Egunsenti abesbatzak pare bat kanta eskaini zizkien japoniarrei, tartean, nola ez, balearen bertsoak.
Bi astez jardungo dute euskal lurretan Hiroshi Ooshitak zuzendutako dokumentala grabatzen. Behin guztia jasota, Japoniara joango dira berriz ere bideoaren muntaia egitera. Emaitza laster esku artean izatea espero dute.