Erakusketaren aurkezpena
(Ane Olaizola)
Zestoako Ekainberrin bosgarren urteurreneko ospakizunetan dabiltza, eta horren harira lau margolarik obra bana prestatu dute museorako. Duela 14.000 urte Ekaingo kobetan bizi ziren «artistei» egin nahi izan diete gorazarre margolariek, eta horretarako erakusketa tematikoa zabaldu dute Ekainberriko harreran. Angel Uranga zarauztarrak hartu du parte ekimenean, Juan Luis Goenaga, Xabier Obeso eta Maximina Espesorekin batera.
Joan den ostiralean aurkeztu zuten erakusketa Garazi Lopez de Etxezarreta Ekainberri kudeatzen duen Ekain Fundazioko ordezkariak, Juanjo Aranburu Ekainberriko zuzendariak, Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari orokorrak, Ruben Alberdi Zestoako alkate ordezkoak eta Uranga, Obeso eta Espeso margolariek —Goenagak ezin izan zuen bertaratu—. Azaroaren 13ra arte egongo da zabalik erakusketa.