Futbolerako azpiegiturak gehituko dituzte Azpeitian, Garmendipen

Nerea Uranga 2013ko irailaren 13a

Garmendipen anexon egiten ari diren obrak (Nerea Uranga) Hil honen hasieran Garmendipen anexo bezala ezagutzen den eremuan obrak hasi ditu Azpeitiko Udalak, futbolerako azpiegiturak gehitzeko asmoarekin. Futbol zelai batek baino neurri txikiagoa izango du, baina belar artifiziala jarriko dute bertan eta buelta guztian itxitura egingo diote, hala azaldu dute Azpeitiko Udal Kirol Patronatuko eta kiroleko arduradunek. Obrek 340.000 euroko aurrekontua dute, baina %80 inguru Espainiako Futbol Federaziotik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik lortutako diru laguntzei esker ordainduko dute. Azpeitian futbolean aritzen den gero eta talde eta haur gehiago dela azaldu du Manuel Unanue Azpeitiko Kiroletako zinegotziak, "13 futbol talde izatetik 19 talde izatera pasatu gara". Orain dela urtebete inguru, futbolerako azpiegituren inguruan hitz egiteko deia jaso zuen Udalak Lagun Onak Futbol Klubaren eta Ikasberri Kirol Elkartekoen aldetik. "Garmendipeko futbol zelaia eta belar artifizialeko zelaia futbolerako zegoen eskaerari aurre egiteko nahikoa ez zirela azaldu ziguten. 19 futbol talde zeudela herrian, Lagun Onak futbol taldearen futbol eskolan ia 250 haur dabiltza eta horiez gain eskola kirolekoak", azaldu du Unanuek. Futbol elkarteen eskaera kontutan hartuz, anexoa izandakoari erabilera bat emateko asmoari heldu zion udalak eta finantziazioa lortzeko ate joka hasi zen. "Lagun Onak-ekoekin eta Ikasberrikoekin futbol federazioko atea jo genuen eta baita Gipuzkoako Foru Aldundikoa ere. Bi erakunde hoietatik diru laguntza jasotzeko eta aurrekontuaren %80a lortzeko aukera ikusi eta anexo-ko eremua berrerabiltzeko proiektuari heldu genion". Hil honen hasieran obra zibila egiten hasi ziren eta datorren hilean belar artifiziala jartzen hasiko dira. Azaroaren bukaera edo abendurako lanak bukatuta egotea nahi dute udaletxeko arduradunek. Futbol zelai baten itxura izango du, "baina, neurriz futbol zelai bat baino txikiagoa izango da. Hala ere, entrenamenduetarako aukera bat gehiago izango dute futbol taldeek". Aurrera begira, Garmendipeko kirol azpiegiturak osatzen joan nahi dute kiroletako arduradunek, "belar artifizialeko futbol zelaian aterpea eginez-eta".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide