Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Udalak eta merkatari eta ostalarien elkarteak herrigunean hutsik dauden lokalen erakusleihoak apaintzeko irudi lehiaketa antolatu dute. Antolatzaileek gune horiek apaintzea dute helburu, kaleei bizia emateko, irudi komertziala hobetzeko eta herriko merkataritza susatzeko asmoz.
Proiektua garatzeko ideiak Zestoan bizi diren hamasei urtetik gorako lagunek aurkeztu ditzakete. Jorratu beharreko gaiak herriarekin lotura izan behar du, beti ere herriko merkataritza eta giroa sustatzea helburu duela. Irudiak, gainera, behar adina leku izan beharko du udalaren eta egitasmoa finantzatzen duten erakundeen logotipoak sartzeko. Nahi izanez gero, merkataritzarekin lotura duen lema ere jarri ahalko da. Banaka nahiz taldean aurkeztu daitezke lanak, irailaren 30era bitartean.
Proiektua garatzerakoan, merkataritza eremuko eta herritar gehien ibiltzen den kaleetako lokal hutsek izango dute lehentasuna: Gesalaga kalea, Portale kalea, Erdikalea, Foru plaza eta Laranjadi plaza ingurua. Lanak baloratzerakoan, berriz, honako irizpideak hartuko dituzte kontutan: proposatutako irudia, lokal jakin baterako proposatua izatea eta lokalaren ezaugarrien arabera neurrira diseinatutakoa izatea. Era berean, irudiaren balio artistikoa etasinbolikoa irudikatzeko ahalmena izan beharko dute. Diseinu berritzailea eta erakarkarria izatea ere baloratuko dute.
Lehen hiru sarituek 250, 150 eta 100 euro, ostalariek eskainitako afaria eta merkatariek eskainitako otarrak jasoko dituzte. Gehienez hamar lan garatuko dituzte herrian.
Lanak aurkezterakoan, izenburua bat zehaztu beharko dute, eta lokal jakin baterako proposatutakoa bada, gunearen helbidea idatzi beharko dute. Euskarri digilatean aurkeztu behar da, izenburuarekin. Horrekin batera, gutun azal itxi bat aurkeztuko dute, eta kanpoaldean lanaren izenburua zehaztu beharko dute. Barruan, berriz, hondako datuak jarri behar dituzte: lanaren izenburua, lokal hutsaren helbidea, izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta NAN-aren fotokopia. Honako helbidera aurkeztu behar dira proiektuak: Zestoako Udala. Foru plaza 1, 20740 Zestoa.
Epaimahaiak erabakika hartu ondoren, lehiaketan parte hartu duten lanen artean erakusketa egitea aztertzen ari da udala. Informazio gehiago 943-14 70 10 telefonora deituta lortu daiteke.