Abestiak marrazteko ordua

Aritz Mutiozabal 2013ko irailaren 13a

Christian Moyano, Concetta Probanza eta Denis Goien, ezkerretik hasita (Aritz Mutiozabal/Hitza) Malaqoda bikotearen musikak eta Concetta Probanzaren ilustrazioek bat egingo dute gaur gauean Angel Uranga margolariaren estudioan, zuzeneko emanaldi bat eskaintzeko. Kuriositate pixka bat badugu gure musikaren gainean zer marraztuko duen jakiteko».  Kez­ka baino gehiago jakinmina zen Malaqoda taldeko kide Denis Goienek eta Christian Moyanok zutena. Emanaldi berezia antolatu dute Concetta Probanza ilustratzailearekin elkarlanean, gaur gauerako, eta herenegun arratsaldean geratu ziren entseiatzeko. Ohiko kontzertuetatik haratago, emanaldi berezia eskaini nahi dute, musika eta marrazkiak uztartuta. Bata bestea estali edo gailendu gabe. Maila berean jarrita, protagonismo bera emanez, eta elkarren osagarri bihurturik. Hirugarren parte-hartzaile bat ere badu ekimenak: Angel Uranga margolari zarauztarra. Euren asmoen berri jakin zuenean, kontzertua eskaintzeko Kale Nagusian duen galeria eskaini zieten Urangak hasiera batean, eta gerora Duke-Eneako bere estudioa (Belauntzaran plazan, Nafarroa kalean, areto zabalagoa zelako. Emanaldia 22:45ean hasiko da, eta doako izango da. Espazio berriak eskaintzeko modu egokia dela iritzi diote. «Urangak txukundu egin nahi zuen estudioa emanaldirako, baina gukkoadroak eta zirriborroak bertan uzteko gomendioa egin diogu. Jendeak bere estudioa ezagutzeko eta bere lana ikusteko modua delako», adierazi du Goienek. «Diziplina askok bat egingo dute, eta taberna edo areto batean ez izatea oso interesgarria da», gaineratu du Probanzak: «Bestelako espazio batzuk kultur ekimenetarako erabiltzea oso joera berlindarra da; besteak beste, Garoa liburudendak egin ohi du». Bikote akustikoa Dante Alighieriren La divina commedia liburuan agertzen den deabrua da Malaqoda, eta hortik hartu zuen izena taldeak. Urte hasieran ekin zion bere ibilbideari, laukote gi­sa, baina egun Goien eta Moyano bikoteak osatzen du. Lehenak abestu eta gitarra jotzen du; bigarrena, berriz, perkusioaz arduratzen da. Eta elkarrekin rock akustikoa lantzen dute. «Hasierako formatuko pare bat abesti mantendu ditugu, baina egun bikote gisa jotzen dugunez, akustikoagoa da gure proposamena, eta abesti berriak ere horrela jotzeko pentsatuta daude». «Christianek bazekien zuzenean marrazten nuela, eta egun batean elkarrekin zerbait egin genezakeela esan nion. Ondoren, Barley tabernan jo zutenean joan nintzaien ikustera, eta, egia esan, gozamen bat izan zen. Beroaldi hartan erabaki genuen elkarrekin emanaldi bat egitea», gogora ekarri du ilustratzaileak. Eguna zehaztuta, taldeko kanta bakoitzaren sinopsia bidali zioten Probanzari, aurretik zerbait prestatu zezan. «Abesti bakoitza ilustratuko dut, azken finean. Ideia buruan eramango dut, baina espazioak eta uneko egoerak asko alda dezake emaitza». Ordenagailu bidez marrazten du ilustratzaileak, paleta grafiko batekin, eta pantaila batera proiektatuko dute.  «Musikak, era berean, mugimenduak azkarrakoak edo ba­reagoak izaten lagunduko  dit». Hogei abesti inguru joko dituzte saioan; 14 propioak dira, eta gainerakoak bertsioak. «Esperientzia propioetan oinarrituta daude» azaldu du Goienek. «Azken urteetan hainbat tokitan aritu naiz bizitzen: Bartzelonan, Berlinen eta Zarautzen. Bizipenen, emozioen eta sentimenduen inguruan abesten dut, ukitu biografikoekin», kontatu du Goienek. Freskotasunaren bila Hala ere, ez dute saioaren norabidea erabat lotu. «Inprobisatua izango da. Azken finean, hori da nahi duguna. Freskotasuna lortzea, alegia. Garrantzitsuena guztiok disfrutatzea da», nabarmendu du Moyanok. Asmo handirik gabeko proiektua dela zehaztu dute parte-hartzailek. «Kolaborazio jakin bat da, esperimentu gisakoa. Ongi ateraz gero, ikusiko genuke aurrerantzean zer egin». Honako hau estreinako elkarlana dute, baina ez dute azkena izaterik nahi. «Dena den, erakusteko tokiak asko baldintzatzen gaitu. Ikuskizun hau taberna batera eramatea oso konplexua da», dio Moyanok. «Na­hiago dugu kalitateko hiru emanaldi eskaini toki erakargarrietan, kontzertu ugari edozein modutan egin baino», gaineratu du Goienek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide