Women's Affairs Center-en emakumeen bilera, Gazan. Erdian Amal Syam zuzendaria (Argazkia: Malen Etxea)
Hemendik joaterako bagenekien nolakoa den Palestinako emakumeen egoera, baina gauza bat da jakitea, eta beste bat, oso ezberdina, bertatik bertara ikustea». Silvia Carrizo argentinarraren gogoeta da. Beste hau ere berea da: «Handik itzultzean, astebetez egon ginen isilik; ez zitzaigun hitzik ateratzen, ikusitakoa ikusi eta gero». Saioa Iraolak ere berea gehitu dio: «Harritu egin ninduen nolako indarra daukaten Palestinako talde feministetako kideek, eta zein irekiak diren, hain muturreko egoeran bizi direla kontuan izanda».
Joan dira bi hilabete pasatxo Carrizo eta Iraola Palestinan izan zirenetik. Ekainaren 23tik 29ra. Tarte horretan egon ziren Zisjordian, Gazan, Ramalan, Jerusalem Ekialdean... eta zenbait herri txikitan. NBE Nazio Batuen Erakundearen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren Euskadi Agentziak antolatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat taldetako ordezkaritza abiatu zen lurralde hartara, denak ere emakumeen eskubiden defentsan lanean diharduten taldeetakoak. «Hamar taldetakoak joan ginen. Asmoa zen Palestinako talde eta emakume elkarte feministekin elkartzea, ikusteko zein lan ildo eta zein borroka duten. Bien arteko zubia eraikitzea da asmoa, hangoen eta hemengoen artekoa, eta hemen kontatzea zertan ari diren», azaldu du Iraolak, Aizarnazabalen bizi den leitzarrak. Bilgune Feministako kide gisa joan zen, eta Carrizo, Zumaian bizi den argentinarra, Malen Etxea elkarteko ordezkari moduan.
Gazako hotel batean egon ziren, uneoro zaintzapean. «16:30erako hotelean egon behar genuen, eta halaxe egoten ginen. UNRWAko kideek zainduta ibiltzen ginen beti, han emakumeak ez baitu lekurik bizitza publikoan». Ezin zuten kalean edozein lekutan ibili. Egonaldian, hainbat talde eta elkarte ezagutzeko aukera izan zuten; esaterako hau: «Gazan dagoen lau pisuko eraikin batean hainbat elkarte biltzen da. Genero indarkeria eta jazarpena jasaten dutenei babesa eta laguntza ematekoa; emakume graduateei laguntzen diena; jabetze ekonomikoaren inguruko taldea...». Palestinarren artean islama da erlijio nagusia, eta kontu jakina da sinismen horrek emakumeen eskubideak ez direla behar bezala bermatzen, zaintzen eta babesten. «Oinarri erabat patriarkala duen gizartea da», dio Iraolak, adibide zehatza jarriz: «Euskal Herrian, esaterako, emakumeek egiten dute lan hotelak eta garbitzen, baina han gizonezkoek; emakumezkoak ezin du leku publikoan ibili. Oso handia da publikoa-pribatua dikotomia: gizonezkoarentzat espazio publikoa orobat, eta emakumezkoarentzat etxekoa, pribatua».
The Beach errefuxiatu guneko osasun zentroa, Gazan. (Argazkia: Malen Etxea)
Langabezia ere gehien nozitzen dutenak emakumezkoak dira. «Unibertsitatean graduatu eta gero, oso aukera gutxi daukate lanerako. Palestinako emakumeen %80 langabezian dago». Graduatu ondorengoei laguntza ematen dieten elkarteak daude han, beste formazio bat eskainiz. Genero indarkeria sexista pairatzen dutenentzat ere lan egiten duen elkarterik bada. «Telefono linea bat eskaintzen du Sawa izeneko elkarte batek.
Elkarrekin esan nahi du elkartearen izenak. Linea horrek 121 izena du, eta eguneko 16 ordutan egoten da martxan. Indarkeria sexista jasan dutenei babesa, laguntza eta baliabideak eskaintzea da asmoa. Datu hau beldurgarria da oso: hilean 2.000 salaketa jasotzen dituzte, eta 240.000 urtean». Adibide zehatz bat ere kontatu dute Iraolak eta Carrizok: «Gazako neska bat gelan itxita zeukaten gurasoek, entzun baitzuten mutil batekin
jolasean ari zela (gurasoek nahi ez zuten mutila). Neska horrek egunero hitz egiten zuen 121 telefonoko pertsonekin, eta azkenean, gurasoekin negoziatu eta gelatik atera zuten. Hori bai, alabak ez zituen gurasoak salatu».
Bizitza publikoan lekurik ez izanagatik, datu honek atentzioa eman dezake: irakasleak dira lana duten emakume gehienak, edota administrariak. Baina Iraolak argitu ditu kontuak: «Hango eta hemengo hezkuntza sistemak erabat ezberdinak dira. Neskak eta mutilak inoiz ez dituzte elkarrekin jartzen gela berean; gela ezberdinetan egoten dira, eta jakina, andereñoak nesken geletakoak dira. Nesken eta mutilen ikasgai-zerrendak ere ezberdinak dira». Palestinako tokian tokiko gobernuek zehazten dute, gainera, gai zerrenda zein den; baita UNRWAren baitan sortutako eskoletan ere. «Gobernuek esaten diete zer eman, zer ez eman, eta jakina, emakumezkoen eskubideak ez dira inola ere errespetatzen; kasu honetan, neska ikasleenak».
Saiora Iraola ezkerrean, eta Silvia Carrizo eskuinean, Ramala eta Jerusalem arteko check point batean, Palestinan. (Argazkia: Saioa Iraolak utzitakoa)
Gazan lan merkatua oso txikia da, eta horrek zaildu egiten du lan munduan sartzea. Horren aurrean, elkarteren baten baitan, «kooperatibak sortu dituzte emakumeek; esate baterako, janaria prestatzen dute, gero dendetan saltzeko».
Antzinako legeak eta Hamas
Emakumeen borrokaren beste ildo bat justizia da. Abokatuekin-eta bilerak egiten saiatzen dira, nazioarteko legeetan oinarrituz emakumeen eskubideak zein diren helarazi nahian epaiketetan. Baina horma handi honekin egiten dute topo, Carrizok esan duenez: «Lege zahar-zaharrak erabiltzen dituzte. Antzinakoak erabat. Adibidez: emakume baten aurkako indarkeria epaitzeko epaiketa batean, defentsak atera dezake antzinako lege bat, esanez, hori ez dela delitua, onartua dagoela. Eta hor geratzen da auzia. Oso larria da».
Azken urteetan, gainera, «txarrera egin du emakumeen eskubideen egoerak», Iraolak azaldutakoaren arabera. «Bertako emakumeek esan ziguten Hamas agintean dagoenetik atzerapausoa eman dela. Oso erradikala da emakumeen kontra alderdi horren gobernua. Publiko-pribatu dikotomia areagotu egin da; adibidez, emakumeek ezin dute kondoirik jaso bere gizonaren baimen idatzirik gabe, edota etorkizunean zenbat seme-alaba izango dituzten zehazteko familia-plana izateko ere, gizonaren baimena behar da». Egoera patriarkal horrek haurrengan ere eragina dauka: «%22 adin txikikoak izanda ezkontzen dira».
Egoera horretan, galdera hau sortzen da Euskal Herritik begiratuta: zenbateko askatasuna dute emakumeen eskubideen defentsan ari diren taldeek eta elkarteek? Carrizok emandako erantzuna argigarria da: «Elkarteetara joateko trabesia handiak egin behar izan genituen. Esaterako, taxi gidariari ezin genion esan nora gindoazen, ez gintuzke eramango eta. Erdi ezkutuan ibiltzen ginen elkarteetara joateko».
Egoera politikoa, lehentasuna
«Indarkeria erabat presente dago eguneroko bizitzan, egoera politikoak eraginda, eta Israelen okupazioak erabat baldintzatzen du palestinarren bizitza·, dio Iraolak. «Orain aldatu egin du okupazio estrategia. Lehen lurrak eta herriak okupatzen zituen zuzenean, baina orain zeharka ari da lan hori egiten, kolonoen kokalekuen bidez. Asentamendu bakoitzak du alboan base militar bat, eta hor dago okupazioa gauzatuta». Herri bateko esperientzia kontatu du: «An Mabi Sale herrian erabat baldintzatuta bizi dira, eta militarrek erabakitzen dute herrira pasa zaitezkeen edo ez”. Hebrongo alde zaharreko kale batean ikusi zutenak ere islatzen du zer ari diren pairatzen palestinarrak: «Kolonoek etxetik bidaltzen dituzte palestinarrak, eta Israelgo bandera jartzen dute gero kanpoan».
UNRWA erakundearen eskolako neskak, Gazan. (Argazkia: Malen Etxea)
Egoera gordinaren aurrean, Carrizok ondorio hau atera du: «Halakoak eguneroko kontua dira han, eta okupazioaren gatazkarekin dute lotura. Palestinarrak beren lurraldearen eskubiden defentsan murgilduta daude buru-belarri. Israelek ume bat hiltzen duenean, esaterako, palestinarren borroka horretara bidetzen da erabat. Eta jakina, testuinguru horretan, atera kontuak non geratzen diren emakumeen aldeko aldarrikapenak», dio. «Emakumeak pairatzen ditu bi indarkeriak azkenean: egoera politikoak eragindakoa, batetik, eta beraien aurkakoa, bestetik».
Oso garbi du horregatik, nolakoak izan behar duen Palestinaren aldeko aldarrikapenak: «Estatu librea nahi dugu haientzat,
dudarik gabe, baina hori aldarrikatzearekin batera, emakume askeak nahi ditugula ere esan egin behar dugu». Iraolak gehitu dio hango feminista batek esan ziona: «Soraida Husseinek garbi esan zidan berak ez duela sinesten Palestina independiente batean emakumeek eskubideak aitortu gabe».
Hemendik egiteko lanak
Bidaiaren proiektua ez da amaitu, eta ikus-entzunezkoa prestatuko dute aurki, herriz herri erakusteko nolakoa den Palestinan emakumeen egoera. Ekimen horretaz harago, beste hau ere landuko dute: «Eskubide politikoen alde ari diren elkarte eta taldeekin bat egin behar dugu emakumeen eskubideen alde ere lanean gabiltzanok, guztiok emakumeen defentsa egin dezagun». Bide horretan, Euskal Herriko elkarteekin eta taldeekin bilduko dira: «Talde asko daude hango eskubide politikoen defentsan ari direnak, eta harremanetan jarriko gara haiekin. Askapena mugimenduarekin elkarlanean hasi gara Bilgune Feministan, esaterako. Aurten Palestinara joan diren brigadistei formazioa eman diegu, eskubide politikoen aldeko borrokan emakumezkoen aldekoa dena ere txertatzeko».
«Denen laguntza» behar dute Palestinako emakumeek: bertako elkarteena eta nazioartekoena. «Proiektuaren bigarren fasean, palestinarrak Euskal Herrira etortzea da asmoa». Hemengo egoera erakutsiz, ekarpenak eta esperientziak biltzea da asmoa, baina garbi mintzo da Iraola horren inguruan: «Euskal Herrian eta Palestinan badira antzekotasunak. Hemen ere gatazka armatuaren indarkeriaz soilik hitz egin da eta hitz egiten da, baina badira beste gatazka batzuk, eta aipatu apenas egiten dira zenbait kasutan. Hor da indarkeria sexista, esaterako».
Bada zer egina bazter guztietan, eta Iraolak eta Carrizok oso garbi azaldu dute zein den bidea beraien ustez. Indarra eta kemena ez zaie falta. Palestinan sobera dute horretatik, eta izen bat aipatu dute biek, emakumeen eskubideen defentsaren baitan: «Zienab Al-Ghonaimi, Hayak elkarteko zuzendariaren indarra ez sinestekoa da. Izugarrizko diskurtso erradikala dauka, eta balioa eman behar zaio horri halako testuinguru gogorrean».
Terremoto ezizenaz deitzen diote Carrizok eta Iraolak. Behar dute antzeko indarra duen aldaketa Palestinako emakumeek. Eta azkar, gainera.
Kazetaria: Aitor Manterola