(Aiora Larrañaga/Hitza)
Zumaiako traineruak play-off kanporaketa jokatuko du asteburuan. Santi Zabaleta (Orio, 1968) da zumaiarren entrenatzailea, eta taldearen egoeraz aritu da UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Datorrena asteburu garrantzitsua da Zumaiako traineruarentzat. Nola aurreikusten duzu?
Guretzat oso asteburu garrantzitsua da, bai. Aurtengo denboraldiko helburuetako bat jaitsiera saihestea zen; behin hori lortu genuenean,
play-off kanporaketa irabazi, eta maila mantendu ahal izateko lanean hasi ginen. Aurkariek maila ona dute, eta ez da erraza izango.
Entrenamenduei dagokienean, aspaldi hasi al zineten asteburuko estropadak prestatzen?
Abuztu bukaeran Castro atzean utzi genuela ikusi genuenean hasi ginen kanporaketarako prestatzen. Entrenamendu espezifikoa egin dugu horretarako, eta behin etxeko lanak eginda, azterketara goaz.
Nola ikusten duzu taldea?
Taldea gogotsu ikusten dut, eta lana oso ondo egin dugula uste dut. Mutilak uretara lasai atera, eta irteten direnean gure lana egin dugula sentitu eta gustura geratzea da nire kezka nagusia. Hala ere, ez da erraza izaten urduritasuna kontrolatzea. Egun hauetan ahalegin berezia egiten ari naiz giroa lasaitzeko.
Emaitzak onenak izan ez badira ere, dituzuen baliabideak kontuan hartuta, zein da denboraldiaz egiten duzun balorazioa?
Taldea bateratuta ikusi dut, eta pozgarria da hori. Beharbada denboraldi hasieran ni neu teknikoki galduta ibili naiz, aitortzen dut, baina denboraldiak aurrera egin ahala dena bere onera itzuli da. Mutilak oso jator portatu dira, ahal zuten dena eman dute, eta ni neu oso gustura nago errendimenduarekin.
Aurtengo taldearen eta aurrekoaren artean aldaketarik izan al da?
Iaztik sei baja izan ditugu, eta taldea berritu behar izan dugu. Dena dela, talde txikietan hori ohikoa da. Oso gustura nago dugun taldearekin.
Zaila izaten al da talde txikientzat goi mailari eustea?
Goi mailan mantentzeko garrantzitsua izaten da atzetik talde sendoa izatea, eta hori urteen poderioz lortzen da. Arraun munduan harrobia da gakoa, eta gazteen artean arrauna sustatzen saiatu behar dugu. Jubenil mailan badugu talde polita, eta arraunean jarraitzen badute, horiek osatuko dute etorkizuneko trainerua. Arraunlari gazteentzat ez da erraza izaten, ordea, ikasketak, lana eta arrauna uztartzea. Baina ahalegina egin eta arraunean jarraitzera animatzen ditut.
Zumaiako emakumezkoen traineruak denboraldi bikaina egin du. Horrek zumaiarrak arraun munduan murgiltzera animatu dituela uste al duzu?
Denboraldi bikaina egin dute emakumeek, eta uste dut hori gakoa izan daitekeela etorkizunean jendea arraun taldera erakartzeko. Arraunaz gozatu nahi duten guztiak ongi etorriak izango dira arraun elkartean.