Cristobal Balenciaga Museoaren etorkizuna pil-pilean dago hedabideetan, eta fundazioko kide den Nika Lertxundi Getariako alkateak gaia hizpide izan du Euskadi Irratiko
Faktoria saioan. Lertxundiren esanetan, museoak "zailtasun ekononikoak" ditu eta egoera horri irtenbidea eman beharra dago. "Argi izan behar dugu zer lortu nahi dugun Cristobal Balenciaga Museoarekin. Museo batek zentzua izan behar du, ezin da irekita eduki edukitzeagatik. Hortik abiatuta egin behar dugu Balenciaga Museoaren etorkizunaren inguruko hausnarketa".
Cristobal Balenciaga Museoa hizpide izan da azken egunetan Euskal Herriko nahiz Espainiako komunikabideetan, eta zenbait iturrik museoa ixteko aukera badagoela ere helarazi du. Museoko Patronatuak ekipo teknikoari aukera guztiak aurkezteko eta aldaketa horiek onurarik ekarriko duten aztertzeko eskatu dio, eta horiek mahai gainean izanda irailaren amaieran bilduko dira museoaren etorkizunaren inguruan eztabaidatzeko.