Egitaraua
- Irailaren 20ra arte. Ekainberrirako sarrerak erdi-prezioan eskainiko dituzte.
- Irailak 13, bihar. 17:00etan, Ekainberriko harreran erakusketa berezia zabalduko dute. Urteurrenarekin lotuta Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso eta Maximina Espeso artistek koadro bana egin dute.
Ekainberriren bost urteotako balorazioa eta ekitaldi bereziak aurkeztu zituzten atzo Donostian
Atzo bost urte ireki zituen Ekainberri museoak bere ateak, 2008ko irailaren 11n. Ordutik 170.000 bisitari izan ditu museoak, gehienak familiak eta eskoletako ikasleak (ia 500 ikastetxeetako kideak izan dira bertan). Urtero 34.000 bisitari jasota, Ekainberri «Gipuzkoako bosgarren museo gisa egonkortzen» ari dela azaldu zuen urtemugaren harira Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Ekainberriko presidenteak atzo. Hilero, bataz beste 2.800 bisitari izaten dituela ere nabarmendu du, datua «positibotzat» joz. Bost urte eta gero, «arkeologia esperimentalaren bidetik museoa mugak zabaltzen» ari dela azaldu dute Ekainberri kudeatzen duten Arazi-Aranzadi ABEEko ordezkariek.
Museoaren proiektua «kontsolidatuta» dagoela uste dute Ekainberriren arduradunek, bisitarien kopurua eta eskaintzaren kalitatea kontuan hartuta. Bisitariek bertako eskaintza «oso ontzat» jotzen dutela nabarmendu dute.
Museoa 2008an ireki bazuten ere, Ekainberriko eskaintza urtero osatzen joan direla nabarmendu dute, «bisitaz harago doan esperientzia bihurtuz». Hala nola, aurten bertan, Lili jauregia zabaldu dute, Ekaingo kobaren erreplikarekin hasitako proiektua osatzeko. «Hala, Zestoak eta eskualdeak eskaintzen dituen ondare eta turismo baliabideak balioan jarri ditugu, eskaintza bateratu bateraz joz», azaldu du Badiolak.
Aurrera begirako asmoak
Etorkizunerako asmoak ere badituzte Ekainberriren arduradunek. Horietako bat Ekain Gizateriaren Ondare den neurrian, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin harremana landu, eta izendapena balioan jartzea da. Horregatik, Ekainberri Fundazioa Europan Ekain bezalako kobak dituzten guneekin elkarlana areagotu eta aliantzak lortzeko bidean dela azaldu dute. «Ekaingo zaldi multzoa, hartzak eta oreinak ikusteko aukera daukate bisitariek Ekainberrin, Paleolitoko ondare artistikoa ezagutuz eta sentituz. Munduan hiru erreplika besterik ez daude, eta Ekainberri da horietako bat».
Ekaingo koba Azpeitiko Antxieta Elkarte Arkeologikoko kide Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkitu zuten 1969an. 2008an, berriz, Ekain kobaren erreplika, Ekainberri museoa, zabaldu zuten, eta bertan bisita gidatuak egiten hasi ziren. Era berean, lehen tailerrak ere jarri zituzten martxan. Hurrengo urtean, 2009an, aurreneko eskaintza didaktikoa jarri zuten abian eta Lili jauregia zaharberritzeari ekin zitzaion.
Eskualdeko beste kultur edota turistei zuzendutako guneekin elkarlanean museoa ireki eta bi urtera hasi ziren Ekainberrikoak. Hala nola, Bost geltoki Historian eskaintza turistikoan parte hartuz. Urte horretan bertan, Lili jauregia zaharberritzeko lanak bukatu zituzten, eta aurreneko aldiz Kobazuloen Egunean parte hartu zuten, baita Ekaindarren Eguna antolatu ere.
2011n, aurreko urteetan hasitako hainbat egitasmorekin segitu, eta udan auzolandegia antolatu zuten. Iaz, berriz,
Ekain abentura eskaintza berria aurkeztu zuten Ekainberrin. Aurtengo urtea museoaren «bultzada urtea» dela azaldu dute proiektuaren arduradunek, tartean, Lili jauregia inauguratuz eta bertan bisita gidatu antzeztuak abian jarriz.
Bost urte eta gero, Ekainberrik «eskaintza osoa eta integrala» duela esan dute Arazi-Aranzadiko ordezkariek, «adin guztietako bisitarientzat eskaintza bereziak baititu».