Botiken berrordainketa dela eta elkarretaratzera deitu du Gipuzkoako Jubilatuen Elkarteak. Gaur dira egitekoak protestak, udaletxe aurreetan, 19:00etan. Baigera Azpeitiko Jubilatuen Elkarteak ere bat egin du deialdiarekin, herriko jubilatuak bertara deituz. «Defenda ditzagun geure eskubideak, bide batez ondorengoenak ere defendatuko ditugu eta», adierazi dute kideek.
Botiken berrordainketa dela eta, Baigerak gaur 19:00etan protestara deitu du Azpeitiko plazan
Baigerakoen ustez, Espainiako Gobernuak azken urteetan hartutako neurriekin erretiratuen edo jubilatuen giza taldea «asko zigortu» du. «Bistakoa da Espainiako Gobernua banku handiei dirua emateko edozer gauza egiteko gai dela. Orain arteko finantza ereduak porrot egin die, estatua bera ere kinka larrian jarriz». Baigerakoen ustez, agintari politikoak hartzen ari diren murrizketa neurri guztiek helburu bakar bat dute. «Enpresa farmazeutiko multinazionalak eta banka-etxe handiak diruz laguntzea. Horrela, osasungintza pribatizatzeko bidea irekiz, eta biharko gure jubilazioko osasungintza eta pentsioa zalantzan jarriz. Osasuna negozio handi bilakatu dute», ohartarazi dute Azpeitiko Baigera elkarteko ordezkariek.
Botikak berrordaintzeko hartutako neurriak «dagoeneko lehendik zigortuta» dagoen taldeari eragin dio «gehien eta zuzen-zuzenean», Baigerako bozeramaileen arabera: «Pentsiorik baxuena duen jubilatu taldeari». Hain zuzen, «osasun arloan kontsumitzaile handienak direnei» eragin dio berrordainketak, Baigerakoek salatu dutenez. «Era horretan gobernuak tasa handiagoak lortuko ditu».
«Erretiratuei zuzen-zuzenean eragiten dieten neurriak» ezartzeko, «krisiaz eta langabezia tasez baliatzen» ari direla kritikatu dute Azpeitiko erretiratuen elkartekoek. «Jubilatuok pribilegiatuak garela sinistarazi nahi digute, pentsioa kobratzen dugulako; geure eskubidea izan ez balitz bezala, hainbeste kostata geuk kotizatu ez bagenu bezala», diote. Gainera, langabezia dela eta, erretiratuen pentsioak familia askotako sostengu bilakatzen ari direla nabarmendu dute. «Familia osoaren zama adinekoek bizkarrean kargatu dute».
Eragin nabarmenak
Erretiratuek azken urteetan erosteko ahalmena galdu egin dutela ere nabarmendu dute Baigerakoek. «Pentsioak ez dira igo bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak (ura, argindarra, telefonoa...) garestitu diren neurrian», azaldu dute.
Botiken berrordainketaren ondorioz, urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek botiken %10 ordaindu beharko dute; gehienez hileko 8 euro arte. Diru sarrera 18.000 euro baino handiagoa dutenen kasuan, hilero ordaindu beharreko muga 18 urokoa da.
Baina 417 botikaren %100 ordaindu beharko dutela gogorarazi dute Baigerako bozeramaileek. «Antiinflamatorioak, ultzera, tronbosia, hernia eta gripearen kontrako botikak dira osorik ordaindu beharrekoak, adinean aurrera doazenak gehien erabiltzen dituztenak», zehaztu dute.
Horrez gain, mendekotasuna dutenentzako zerbitzuak ere kendu izana salatu dute. Hala nola, «erreabilitazio, kimioterapia edo dialisietara joateko anbulantziak ere kendu egin dituzte; baita ere gurpil-aulki, makulu eta produktu dietetikoen erabilera». Osasungintzako murrizketa horiekin guztiekin, adinekoen bizi kalitatea eta bizi itxaropena nabarmen jaitsiko dela uste dute Azpeitiko erretiratuen elkartekoek. «Askok botikak hartzeari utziko dio, bere osasuna arriskuan jarriz».
Neurriak Madrilen hartu arren, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek «Espainiako Gobernuaren betetzaile zintzoak izateko jarrera hartu dute», Baigerakoen arabera. «Ez diote ezertan aurre egin».
Horregatik guztiagatik, erretiratuek aurrerantzean «publikoa, unibertsala eta doakoa den osasun sistema propio baten alde» egitera kalera ateratzera animatu dituzte.