Donostiako Kutxa Kultur Festibaleko oholtza gainera igo baino ordu batzuk lehenago UROLA KOSTAKO HITZA-ren deiari erantzuteko prest agertu ziren Delorean taldekoak. Aparatuaren bestaldean Igor Escudero (Zarautz, 1981) bateria-jotzailea zegoen,
Apar disko berriaren inguruko azalpenak emateko prest. Ostiralean abiatu zuten aurkezpen bira, Donostian bertan, eta hil honetan Europan barna ibili ondoren, urrian eta azaroan AEBetan ibiliko dira kontzertuz kontzertu. «Mentalizatuta gaude eta gogo handiarekin. Jakina, errespetua ematen digu horrenbeste egun etxetik kanpo aritzeak, baina gure lana da. Asko gustatzen zaigun lana».
Zarauzko Euskal Jaietan (astelehenean) argitaratu zenuten disko berria. Hori da hori kasualitatea, ezta?
Kasualitate hutsa izan da. Nire gurasoak ere egun horretan ezkondu ziren. Baina ez da omenaldi kontua edo halakorik izan. Normalean, diskoak astelehenetan ematen dira argitara Europan, eta AEBetan, berriz, asteartetan. Oraingoan hala suertatu da.
Zerikusirik izan ez arren, disko berriari euskaraz jarri diezue izenburua: Apar. Zer eman nahi duzue aditzera?
Guztia diskoaren azaletik dator. Jorge Oteizaren gurutze bikoitzak erabili ditugu diskoa irudikatzeko (artista oriotarrak elkar besarkatzen diren bi gurutze sortu zituen bere emaztearen eta bere hilobirako). Egia esan, ez genekien nola deituko genion diskoari, baina ez geneukan zalantzarik azalarekin. Gurutzeak bere hilobian irudikatuz gero oso iluna geratuko litzatekeela pentsatu genuen. Ez genuen horrekin erlazionatu nahi. Beraz, uretara botatzea erabaki genuen. Argazkian, gurutzea apar artean zegoela ikusi genuen, eta hortik etorri zen izenburua. Aparrarekin hutsaltasuna adierazi nahi dugu.
Eta zergatik uretara bota?
Guretzat, eta, segur aski, Oteizarentzat ere, gurutzeak loturarekin du zerikusia. Baturarekin eta konpromisoarekin, hain zuzen. Uretara erortzeak egoera zail bat adierazi nahi du. Hori horrela, gurutzeek batuketa islatzen dute, aparraren aurkako elkarketa. Azken finean, aparra gure inguruan dagoen funsgabetasuna delako.
Sinbolismoz beteriko lana dirudi.
Hala da, bai. Diskoko abesti guztiak kontzeptu horren ingurukoak dira. Abestiak idazterakoan loturaren eta konpromisoaren gaia hausnartu dugu erlazio guztietan; hau da, bikotekidearekin, lagunartean, eta, oro har, eguneroko bizitzan. Ekhi Lopetegi taldekideak gustuko du Oteizaren lana, eta hari bururatu zitzaion ideia. Diskoa bukatu baino hiru hilabete lehenago heldu genion kontzeptu horri. Gainera, Ekhik berak esaten zigun erlazio handia ikusten zuela kantetako hitzen eta gurutzeen esanahiaren artean.
Duela aste pare bat Destitute time abestiaren bideoklipa aurkeztu zenuten. Bertan ere ageri dira aipatutako gurutzeak. Ikur moduan al darabilkizue?
Azkenean, talderen ikono edo logotipo bihurtu dira. Hasieran ez genuen nahi, baina diskoetxea horren alde agertu zen, eta, azkenean, kasu egin diegu. Beraz, egiten ari garen gauza guztietan gurutzeak ageri dira, jendeak taldearekin erlazionatu ditzan. Finean, marketin kontua da.
Bideoklipa Roger Guardiak zuzendu du. Nolatan jo zenuten harengana?
Gure nahia zen Canada ekoizpen etxearekin eta Roger Guardiarekin lan egitea. Asko gustatzen zitzaizkigun haiek egindako ekoizpenak. Haiekin lan egiten genuen lehen aldia bazen ere, gure lagun askorekin lan egindakoak dira, eta ezagutzen genuen euren lerroa. Zuzendariaren anaia laguna dugu, eta hortik etorri da guztia. Egia esan, lagunartean lan egitea gustuko dugu. Abuztuan grabatu genuen, eta egun gutxitan muntaia eginda zegoen.
Ikus-entzunezko horretan abestiaren hitzak irakur daitezke. Lehen, behintzat, ez zineten horren aldekoak. Diskoetako liburuskan ez zenituzten hitzak jasotzen.
Bideoklipean hitzak azaldu genitzan nahi zuen zuzendariak, film zaharretan bezala. Eredu batzuk pasa zizkigun, ideia bat egin genezan. Errekurtso estetiko modura erabili nahi zuen, eta horrexegatik ageri dira abestiaren hitzak. Gainerakoan, diskoak ez du hitzik eramango orain arte bezala, baina aste honetan gure webgunean jarriko ditugu irakurgai estreinakoz.
Iritziz aldatu al duzue, orduan?
Ekhi ez zegoen oso harro orain arte idatzitako hitzekin. Gaur egun konfiantza handiagoa du, ordea. Inoiz baino gehiago landu dituela uste du. Hori horrela, erakustea erabaki dugu.
Aipatutako abestia aukeratu duzue single bezala. Hala ere, aurretik Spirit aurrerapen abestia aurkeztu zenuten. Nahiko gauza bitxia, ezta?
Guretzat
Spirit diskoaren eta kontzertuetako introa da. Denbora askoan isilik egon ondoren, talde askok aurkezten ditu halako aurrerapenak. Gero, diskoa aurkezterakoan edo aukeztu baino egun batzuk lehenago, single abestia kaleratzen da. Musikari gehienek egiten dute, eta gure diskoetxeak ere halaxe egin nahi izan du oraingo honetan.
Disko berriari dagokionez, zuen proposamenak dantzagarria izaten jarraitzen du, baina pausatuagoa da.
Hori zen gure ideia. Aurreko lanarekin (
Subiza, 2010) ia hiru urte egin genuen kontzertuz kontzertu, geratu gabe. Disko hura oso elektronikoa zen, eta hori zuzenekoetan islatzea oso zaila zen. Oraingoan, aldiz, gogo handiagoa geneukan sintetizadoreak alboratu eta gitarra nahiz bateria jotzekoa. Barrutik aterako zerbait izan da, modu naturalean.
Apar, agian, organikoagoa al da?
Disko sinpleagoa egin nahi genuen. Aurreko diskoan oso zaila da gauza guztiak bereiztea; izan ere, hamar melodia daude batera eta perkusioak oso konplexuak dira. Apar-ekin ideia onak biribiltzeaz gain, lehenengo entzunalditik ulertzea nahi dugu.
Abestien egiturak estandarragoak dira, klasikoagoak; nolabait ere, ohiko pop taldeek darabiltzaten modukoak. Horretarako, taldearen hasierako formatura itzuli al zarete?
Musika tresnei dagokienez, hala izan da, baina gaur egun ditugun ideiak guztiz bestelakoak dira. Nire ustez, lehen punkiagoa edo zikinagoa zen gure doinua; hau da,
Delorean eta
Into the plateau diskoetan. Orain, lehengo musika tresnak berreskuratu ditugu, baina gure proposamena askoz ere landuagoa da.
80ko hamarkadako kutsua du diskoak, eta nazioartean puri-purian dagoen pop dantzagarritik gertu dago. Gaur egungo disko bat egiten saiatu al zarete?
80ko hamarkadako kutsua zuen diskoa egin nahi genuen, baina ez 1985ean eginda egongo balitz bezala. Egungo zerbait egin nahi genuen, garaiko zantzuekin. Taldekideok musika ugari kontsumitzen dugu, eta segituan nekatzen gara gauza guztiekin. Ez ditugu beti disko berak entzuten; aspertzen garenean beste batera pasatzen gara. Azken bi urteetan 85 eta 90 urte bitarteko talde asko entzun ditugu, eta oso identifikatuta sentitu gara orduko doinuekin.
Talde batzuk aipatu beharko bazenitu, zein nabarmenduko zenituzke?
Gure gurasoek entzuten zituzten talde asko; esaterako, Peter Gabriel eta Fleetwood Mac. Duela hiru urte talde horiek aipatuko balizkidate, helduentzako direla erantzungo nuke. Deboraren poderioz, ordea, gustua hartu diegu. Zahartzen zoazen heinean, aurreiritziak galtzen hasten zara, eta norbera ere jabetzen hasten da zergatik bilakatu ziren horren ezagun abesti horiek guztiak. Abesti onak direlako, besterik gabe. Peter Gabrielek 40 milioi disko saldu baldin bazituen, zerbaitegatik izango zen. Disko ezagun horiek oso ongi ekoitzita daude, eta horretan jarri dugu arreta. Abestiei baino gehiago ekoizpenari begiratu diogu.
Arrazoi horregatik jo al duzue Chris Zane ekoizlearen New Yorkeko (AEB) grabazio estudiora?
Neurri batean hala izan da. Chris Zane ekoizlearen eta gure taldearen arteko harremana duela bi urte hasi zen. New Yorken jo genuen kontzertura etorri zen, eta bere burua aurkeztu zigun. Gurekin lan egin nahi zuela komentatu zigun, eta hurrengo egunean bere estudiora gonbidatu gintuen. Gu harrituta geratu ginen estudioan zituen gauza guztiekin, ez baikinen halako toki batean sekula izan. Disko berriarekin lanean hasi ginenean, harengana jo genuen. Baliabide asko izateaz gain, esperientzia handia du.
Zer-nolako eragina izan du haren lanak diskoan?
Lortu dugun doinua harek egindako lanagatik izan da. Bere eraginez entzuten da diskoa entzuten den moduan. Bera izatez bateria-jotzailea da; oso bateria-jotzaile ona, gainera. Diskoko perkusio guztiak hark jo ditu, konga eta halako tresnak. Niri bateriarekin zerbait ateratzen ez baldin bazitzaidan, berak jo zezala eskatzen nion. Azkarrago egingo genuela esaten nion; izan ere, estudio batean ez zaude denbora galtzeko.
Topikoa dirudien arren, Apar orain arteko zuen lanik helduena da. Jabetzen al zarete aurreko diskotik hona jauzi nabarmena dagoena?
Heldu hitza ez zaigu batere gustatzen, baina onartzen dugu jada ez dugula 22 urte. Taldekide guztiok 30 urtetik gora dugu, eta gure gurasoei gustatzen zitzaiena gustatzen zaigu orain. Kutsu hori agerikoa da disko berriaren ekoizpenean. Dena dela,
Subiza egin genuenean bolada hartan gustatzen zitzaigun ekoizpen mota landu genuen; hau da, 2005 eta 2010 bitartekoa, eta dena ordenagailuarekin egina. Orain, ordea, pauso bat harago joan nahi izan dugu, eta hori lortzeko estudio on batean sartu behar duzu.
Ekoizpenari arreta berezia jarri diozue, baita ahotsari ere. Abesteko modua beste bat da: Ekhiren goi-erregistroa ia-ia desagertu egin da.
Berak dio orain erosoago sentitzen dela behe-erregistroekin. Abestien egitura sinpleagoa izanik, ahotsa ozenago entzungo zen diskoan. Horrenbestez, ahalegin berezi bat eskatzen zioten ahotsari: ongi babestuta egon behar zuen eta hitzak garbi ulertu behar ziren. Ondorioz, abesteko moduari garrantzia gehiago ematen saiatu gara.
Era berean, Chairlift taldeko abeslari Caroline Polachek-en kolaborazioa izan duzue Unhold abestian.
Bai, Caroline-ek abesten du kantu horretan. Beste abestietan, aldiz, beste bi neskek kantatzen dute.
Destitute time abestian Glasser taldeko Cameron Mesirow-ek abesten du Ekhirekin batera. Laguna izateaz gain, berarekin biran ibili gara, eta
remix nahasketak ere egin izan dizkiogu. Bestalde, diskoko zazpi abestietan Au Revoir Simone taldeko Erica Spring-ek egin ditu koruak. Orain arte
sampler bidez sartzen genituen emakume ahotsak. Kasu honetarako haiekin harremanetan jarri gara.