Amaia Errasti: "Ordiziako ardi gazta txapelketa gaztagileon Tourra bezala da"

Nerea Uranga 2013ko irailaren 11

(Nerea Uranga/Hitza) Pasa den asteburuan hasi zituzten Euskal Jaiak Ordizian, eta gaur ardi latxen esnez egindako gaztaren lehiaketa entzutetsuaren XL. edizioa jokatuko dute. Azpeitiko Ardi Gazta Kooperatibako Izarraitz izeneko gazta ere aurkeztuko du Amaia Errasti gaztagileak lehiaketara. Duela bederatzi urte, 2004an, Ordiziako lehiaketa irabazi zuen Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako zazpi artzainek bildutako esnearekin gazta egiten duen Azpeitiko gaztandegiak. Errasti aitari azoketara laguntzen hasi zen, gero ikasketak utzi eta gaztandegian hasi zen lanean. Gaur Ordiziako azokara eramateko gaztak prestatzen aritu zen atzo. Otsailaren 9an egindako gazta bat aurkeztu du lehiaketara. Irabazteko esperantza txiki bat beti egoten dela dio, baina hamalau finalisten artean aurkeratzen badute ere «gustura-gustura» geldituko da. 2004an irabazi zenuten Ordiziako gazta txapelketa. Ordungoaz zer duzu gogoan? Zoramena izan zen. Ordukoa betiko hor geldituko zaigu; ezin da ahaztu. Ordiziakoa irabaziz gero, ematen du beste gaztarik ez dela inguruan. Izugarria da. Nik bi aste neure onera ezin etorrita pasatu nituen, eta hori egun hartan Ordizian ez nintzela egon. Aita bidali nuen gaztarekin, eta sari nagusia atera genuen. Irrati, telebista, Espainiatik, toki guztietatik deika hasi ziren... Ospea eta izena hartzen da, baina urtebetekoa da kontua. Orduan, garrantzitsua betiko bezeroak ondo zaintzea da. Ingurua ondo zaintzea garrantzitsua da; burua ondo asentatuta edukitzea, alegia. Momentuko boom-a izaten baita. Txapelketari esker bezero berriak ere egiten dira, Ordiziakoari esker edukitzen den publizitatetik bestela inoiz ezin baita eduki. Ordiziako txapelak doan publizitate handia ematen du. Ordaintzen hasita, ezingo genuke ordaindu. Ordiziako txapelketa irabazita duzuenez, orain hango azokan toki berezia izango duzue, ezta? Bai, hala da. Ordiziako txapelketa irabazi, eta kontratu antzeko bat sinatzen da. Horren bidez derrigortuta gaude irabazi eta hurrengo hamar urteetan haiek emandako etiketak erabiltzera. Gero, horrez gain, azokan hamar urtez toki berezi batean gazta saltzeko postua jarri ahal izaten dugu. Gaur ere txapelketan izango zara. Irabazteko itxaropenik ba al duzu? Irabaztea loteria egokitzea bezala da. Hainbeste gazta on dago gaur egun... Gazta ona egiten jende askok ikasi du; lehiaketetako gazta denak dira onak. Esperantxa txiki bat beti izaten da. Izenak esaten hasten direnean beti sentitzen da zerbait barrenean, baina loteria da. Autoestimua irabazteko gauza onena epaimahaiak nik egindako gazta aukeratzea da. Txapelketarako gazta aukeratzeko, zer hartzen duzu kontuan? Hori da nik egiten dudan galdera. Lehiaketak eta lehiaketak daude. Adibidez, Gipuzkoako txapelketara pixka bat suabeagoa ematea hobe da, baina Ordizian gatzagi pixka bat gehiagorekin puntuazio altuagoa ematen dutela esango nuke. Epaimahaian zein jende dagoen, aldea egoten da. Neu dastaketak egiten ikasia naiz, eta nire ustez beti gaztarik onena eramaten dut. Baina gero zer aterako den... Otsailaren 9an egindako gazta bat aurkeztu duzu oraingoan. Zergatik? Otsaileko gaztak begiratzen jardun, eta gatzagi gustu gehiago dutela iruditu zaidalako. Zulo aldetik ere dezente ondo ikusi ditut. Baina, noski, gero bertan zer azalduko den ezin da jakin. Beste gazta txapelketetan ere parte hartzen al duzu? Bai. Gipuzkoako txapelketa ere bi aldiz irabazi dugu, eta azken urteotan lehenengo hamarretan sailkatu gara, Euskal Herriko Txapelketa jokatzeko aukera eskuratuz. Euskal Herrikoa aurten urriaren 12an izango da. Euskal Herrikoan ere askotan hartu dugu parte, eta garrantzitsua da guretzat, baina izen handiena Ordizikoak du. Ardi gazta lehiaketetan Tourra bezalakoa da. Badirudi ez dagoela beste lehiaketarik. Ardi gazta txapelketetan lehia gogortu egin al da? Gaztak denak dira onak, baina gauza askok eragiten dute ardi gazta lehiaketetan. Esaterako, Ordizian gaztak hainbat mahaitan banatzen dituzte, eta bakoitzetik hiru onenak aukeratu, finalerako. Beraz, mahaian beste zein gazta egokitzen diren aldea dago. Zortea ere behar da. Niri lehiaketetan aurreneko hamarretan gelditzeak ere ilusioa egin dit beti. Finalerako sailkatuta ere, poz handia hartu dut. Azoka berezietara ere joaten al zara gaztarekin? Azokak jaisten ari dira. Lehen azoketan hamar gaztazale inguru ibiltzen ginen, baina orain gaztazaleak gehiago mugitzen dira, eta gaur egun 30 bat biltzen gara. Beraz, lehen adina saltzea zaila da. Horrez gain, jendeak ere gutxiago erosten du. Lehen gazta osoa saltzen zen, eta gaur egun erdiak eta laurdenak gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide