Gazteen ekintzailetasuna sustatzeko beka eskainiko du Iraurgi Berritzen-ek

Ane Olaizola 2013ko irailaren 11

Ekintzailetasunaren inguruko saio ugari antolatu ohi dituzte garapen agentziek Team Academy Euskadik eta Tecnaliak antolatutako Leadership adventure programan parte hartzeko aukera eskainiko du Iraurgi Berritzen-ek, beka baten bidez. Bailarako gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko eta enpresa berritzaileen ideiak abian jartzeko asmoz prestatu du egitasmoa, lan jardueran hastera doazen eta Azkoitian eta Azpeitian erroldatuta dauden gazteei zuzenduta. Bekadunak 3.800 euro jasoko ditu, eta Team Academy Euskadik eta Tecnaliak antolatutako Leadership adventure egitasmoan doan parte hartzeko aukera izango du. Bertan, ekintzailetasunaren inguruko ezagutzak eta gaitasunak barneratuko ditu, Finlandiako JAMK Zientzia Aplikatuen Unibertsitatearen metodologiaren bitartez. Epea, hilaren 20ra arte Honako unibertsitate soslaiak dituzten gazteek har dezakete parte: ingeniariak, arkitektoak, biologoak, informatikariak, marketina eta enpresa zientzietakoak eta soziologoak. Pertsona gazte eta dinamikoei bideratu nahi diete egitasmoa, eta erakundeak adierazi duenez, «egungo lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun ekintzaileak» eduki behar dituzte. «Parte-hartzaileek enpresetako eta gizarteko proiektu berritzaileak sortzeko ideiak dituztela erakutsi beharko dute, baita ingeles maila altua dutela ere». Hilaren 20ra bitartean eman daiteke izena, info@loiolaberrikuntza.org helbidean. Ikasketa praktikoen bidez garatuko dute egitasmoa, eta bertan izena emateko honako dokumentuak aurkeztu behar dituzte; Curriculuma eta enpresa berritzailearen ideia: deskribapena, helburuak, beharrezko baliabide pertsonalak, azpiegiturak… Gehienez bi orriko luzera izango beharko du. Gainontzeko proiektuak baztertu egingo dituzte. Iraurgi Berritzen-eko lehendakariak, lehendakariordeak eta zuzendariak osatuko dute epaimahaia, eta hilaren 24an jakinaraziko du irabazlearen izena. Adierazi dutenez, aurkeztutako ideia enpresa guztiak isilpean mantenduko dituzte, eta maila «ahulegia» dela erabakiz gero, ez dute saria emango. Partaideen proiektuak baloratzerako orduan, irizpide hauek hartuko dituzte kontuan; aipatutako tituluduna izatea, aurkeztutako enpresa ideiaren berritze maila eta ingelesez titulu ofiziala izatea —gutxienez Firts Certificate titulua eduki behar da—. Bekaren inguruko informazio gehiago, berriz, 943-85 40 11 telefonoan eska daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide