Isiltasuna aurkikuntza poetiko gisa

Aritz Mutiozabal 2013ko irailaren 11

Paradisu saileko hainbat marrazki (Argazkia: Oñatiko Udala) Jorge Oteizak 1985 eta 2000 urteen artean egindako irudi sorta ikus daiteke Arantzazuko santutegian, Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak erakusketan. 2000ko urriaren 10­ean Jorge Oteiza artista oriotarra Bitoriano Gandiagarekin eta Xabier Alvarez de Eulaterekin elkartu zen Getariako Elkano jatetxean; hiruen arteko harremana Arantzazun sendotu zen, eskultoreak santutegiko fatxadako irudiak lantzen hasi zenean. Lagun taldea Arantzazun egin beharreko lan batzuei buruz aritu zen solasean. Oteiza, bere aldetik, Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak proiekturako irudiak sortzen ari zen bolada hartan, eta erakusketa hura Arantzazura eraman behar zela egin zuten bat bildutako guztiek. Hamahiru urte geroago, mahai horren bueltan elkartutakoen as­moa bete egin da: irailaren 29a bitartean, Gandiaga Topaguneko Laorga aretoan ikus daiteke. Erakusketaren lehen aretoa Orioko kultur etxea izan zen. 2000­an bertan inauguratu zuten, artistaren beraren presentziarekin. Orain, Oñatiko Udalaren eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatuta, eta erakusketako komisario Felix Marañaren gidaritzapean, erakusketa hura berreskuratu dute, artista oriotarraren figura eta ekarpena gogora ekarri. Izan ere, aurten hamar urte bete dira zendu zela, hamar urte Altzuzako museoa ireki zutela eta mende erdia Quosque tandem...! liburua argitaratu zuela. Hainbat marrazki, estanpa eta eskultura txiki bildu dituzte Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Argazkia: Oñatiko Udala) Bost ataletan 1985 eta 2000 urteen artean sortutako marrazki sorta zabalak bezain ezezagunak osatzen du Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak erakusketa. Bost ataletan banatuta dago: Paradisu (1994), Poesiaren tokia (1994), Orban fonikoak (1987-1994), Estanpak (1999-2000) eta Litoral (1995). Artistak bere intimitatean sortutako lanak dira, eta horietan guztietan, berrikuntza nagusi modura, hitzak ageri dira; hau da, 80eko hamarkadaren erdialdetik aurrera idatzitako olerkiak eta olerkien sortze-prozesuak. Felix Marañaren hitzan, Oteizaren sorkuntza lana hitzarekin loturik egon da beti. «Nire eskulturei hitzak zerizkiela nabaritu nuen», zioen artistak. Komisarioaren ustez, «isiltasuna, hustasuna da» haren aurkikuntza poetiko handiena. Gainera, «betidanik onartu zuen poesia bere proiektu intelektualaren hondoa adierazten duen ziurtagiri gisa». Poesia hitzezko prozesua ez ezik, sustantzia bisuala ere badela dio erakusketaren gidariak. «Hitzezko diskurtsoa eta diskurtso bisuala etengabe lotuta daude eta, horrexegatik, Oteizaren poesia askotan begien formulazio gisako poesia bezala agertzen da, diskurtsoa konplikatzen duten osagarri gehiagorik gabe. Oteizak, ordea, tenorean jartzen du irakurlea, poesiaren misterioa eta poema bera bateratzen dituen aldagaiak bat egin ditzan». Hori guztia kontuan izanda,70 marrazki, estanpa eta poema bisual ikus daitezke erakusketan, baita neurri txikiko eskulturak edo maketak–Arantzazuko santutegiaren frontispizioko Pietatea-rena, esaterako–, argazkiak eta liburuak ere. Burgos eta New York Erakusketarekin batera marrazkiz eta testuz osatutako egunkari bat argitara eman dute antolatzaileek, euskaraz eta gaztelaniaz, erakusgai dauden lanen sortze-prozesua kontatuz. Datozen hilabetetan, Burgosen eta New Yorken aurkeztuko dute Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak, baina hil bukaera arte, Arantzazun ikusi ahalko da doan. Bestalde, EHUko Uda Ikastaroen barruan, Felix Maraña komisarioak ¿Que hacemos con Oteiza? hitzaldia eskainiko du San Telmo museoan, irailaren 19an, 19:00etatik aurrera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide