Krisi ekonomikoak gizarteko arlo desberdinetan eragina du, baita Euskal Herriko kultura eskaintzan estrategikoak diren proiektuetan ere. Duela bi urte zabaldu zuten Cristobal Balenciaga Museoa da horietako bat; martxan jartzeko 12 urteko lana eta 30 milioiko aurrekontua behar izan zituzten erakundeek, eta Euskal Herria bisitatzen duten turista eta bertakoentzat galdu ezinezko hitzordua bihurtu da. Ekainean, uztailean eta abuztuan, esaterako, 19.450 bisitari izan ditu denera museoak. Dena dela, hainbat komunikabidek jakinarazi duenez, Cristobal Balenciaga Museoa egoera ekonomiko zaila igarotzen ari da eta, horren ondorioz, patronatua osatzen duten erakundeek museoaren etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatu dute. Cristobal Balenciaga Museoko Patronatutik baieztatu dute patronatua osatzen duten erakundeak irailaren amaieran bilduko direla museoaren etorkizunaren inguruan eztabaidatzeko.