«Urte askotako lanketaren emaitza izan da aurtengo denboraldia»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 9a

Oihana Erkizia, gaur goizean Zumaian, Kontxako Bandera neurri txikian erakutsiz (Aiora Larrañaga/Hitza) Oihana Erkizia Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlaria da (Arroa Behea, Zestoa, 1978). Lau urte traineru gorriko tostartean aritu ondoren, igandean lehen aldiz Kontxako Bandera irabazi zuen, eta «pozez zoratzen» dago. Azken asteetan bizitakoa hizpide izan du Urola Kostako Hitza-rekin. Azkenean iritsi da hainbeste desiratutako egun handia. Zer moduzkoa izan da esperientzia? Emozio askorekin bizi izan genuen atzoko eguna. Aurreko igandetik segundo batzuetako aldea bagenuen eta bagenekien zerbait gaizki egitekotan, guk egin behar genuela akatsa bandera ez irabazteko. Horregatik, antsietate puntua bagenuen estropada hasi aurretik. Lehia amaitu eta bandera gurea zela ikusi genuenean, berriz, emozioz gainezka geunden. Oso azkar pasa zen dena eta ezin sinesturik gaude. Nola baloratzen duzu Zumaia Salegi Jatetxea traineruak aurten Kontxan egindako lana? Lehenengo jardunaldian oso estropada ona egin genuen. Atzokoa, berriz, ez zen gure estropadarik onena izan; guk badakigu hori baino estropada hobeak jokatzen. Gainera, ez zitzaigun kalerik onena tokatu, baina aurretik sartu ginen. Astean zehar tentsio eta urduritasun handia bizi izan al duzue? Astea nahiko lasai pasa genuen. Duela bi urte Kontxako Estropadako lehenengo jardunaldian irabazi egin genuen eta euforia izan zen nagusi. Azkenean ez genuen bandera irabazterik lortu eta orduan gertatutakotik ikasi egin genuen. Horregatik, astean zehar Kontxako Bandera irabaztearekin amesten genuen, baina bigarren estropada jokatu arte jakin bagenekien ezer ezin zela ziurtzat eman; zerbait latza gerta zitekeela ere burutik pasa zitzaigun. Entrenamenduei dagokienez, berriz, betiko martxa jarraitu dugu eta Kontxako Estropadari begira ez dugu aparteko ezer egin. Denboraldia borobiltzeko falta zen bandera izan al da Kontxakoa? Denboraldian zehar bandera pila bat irabazi ditugu, baina argi dago Kontxako Bandera berezia dela. Ikusi besterik ez da egin behar zenbat jende biltzen duen Donostiako estropadak. Gainerako estropadak bezala jokatu beharra dago, baina irabaziz gero arraunzaleen aitorpena eta poza ikaragarria da. Iaz oso denboraldi ona egin genuen, baina askok azpimarratu zuten Kontxako Bandera ez genuela irabazi. Aurtengoan, berriz, Kontxako Bandera lortu dugu eta oso gustura gaude, denboraldi bikainari amaiera ezin hobea eman baitiogu. Aurtengo Kontxa hizpide izanda, ezin da ahaztu gizonezkoen estropadan Urdaibai eta Hondarribia taldeen inguruan sortutako gatazka. Zuk, arraunlari bezala, zer iritzi duzu gertatutakoaz ? Nik ez dakit uretan zer gertatu zen. Hala ere, uste dut arraunlari guztiek lan handia egiten dutela urtean zehar entrenamenduetan eta jokatzen dituzten estropada guztietan; oso maila ona dago. Huts egiten dutenak epaileak dira, ez dut uste behar den maila ematen dutenik. Gaur egun teknologiak asko errazten du epaileen lana eta erabakiak momentuan hartu beharko lituzkete; ez da justua urte guztia estropada  prestatzen aritu diren arraunlariak ordubetez uretan zain edukitzea. Epaileek badute zer hobetu. Arraun adituek nabarmendu dute Zumaiako traineruak azken urteetan garapen handia jasan duela arraunketari dagokionez eta talde bezala. Zuek ontzi barrutik antzeman al duzue eboluzio hori? Urte askotako lanketaren emaitza izan da aurtengo denboraldia. Ni duela lau urte bueltatu nintzen arraun mundura, eta otsailean hasi nintzen entrenamenduetan, trainerua osatu ezinik zebiltzalako. Azken urteetan hori izan da joera: azaroan entrenamenduak hasten zirenean ez genekien trainerua ateratzeko adina arraunlari bilduko ginen, eta horrek oztopatu egiten du taldeak neguko hilabeteetan izan behar duen ibilbidea. Aurten, ordea, desberdina izan da. Azaroan dagoeneko trainerua osatuta eta Euskotren Ligarako txartela ziurtatuta genituen. Beste konfiantza eta gogo batekin entrenatzen da modu horretan. Entrenatzaileak desberdin aurrikusi du denboraldiko entrenamendu plangintza, eta arraunlarion animoa ere desberdina izan da. Gainera, hasieratik uretara atera gara aurten eta entrenamenduetan gozatu egin dugu. Uste dut estropadetan nabaritu dela uretan gehiago ibili izana. Aurtengo denboraldi bikainaren ondoren, datorren urtean jarraitzeko asmoz al dira arraunlariak? Egia esan, aurten sekula baino gutxiago hitz egin da gaiaz; beraz, ez dakigu zer gertatuko den. Nik neuk, Zumaiako neska eta emakumeak arraun munduan murgiltzera animatu nahiko nituzke. Emaitzez gain, Zumaiako herriak eman dizuen babesa ere garrantzitsua izan da, ezta? Zumaiako herriak beti babestu izan gaitu eta horretaz oso harro nago. Kontxako lehen igandean estropada jokatu ondoren Donostiako moilan sartu eta arranpla gorriz jantzita ikustea ikaragarria izan zen. Atzo, berriz, banderarekin herrira etorri eta Zubi Txikitik herrian horrenbeste jende ikustea oso hunkigarria eta zirraragarria izan zen. Irabazi ditugun bandera guztiak zaleenak ere badira

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide