600 lagun inguru bildu dira euskararen aldeko herri bazkarian. Amaia Ventas
Aurten ere, jendetza bildu du AEK eta EHEk elkarlanean antolatutako Euskaraz Bizi Egunak. Ohi bezala, korrika hasi dute zarauztar askok eta askok eguna. Musika plazatik abiatu eta itsaspasealekua eta Gipuzkoa kalea igaro ostean, plaza horretan amaitu dute lasterketa. Ibai Bereziartua eta Maite Agirre izan dira lehenak helmugara heltzen.
Ondoren, Oteitza Lizeoko kiroldegian elkartu dira herritarrak, euskararen alde elkarrekin bazkaltzera. 600 lagun inguru bildu dira. Bazkalostean, guztia jaso ondoren, kalejira egingo dute parte-hartzaileek 18:30a aldera. Musika plazatik irten eta itsas pasealekutik eta Barren plazan ibiliko dira, ibilbidea txosnetan amaitzeko. Eguna borobiltzeko kontzertuak izango dira gune horretan, Gurekin Jai festa batzordeak antolatuta.