Gipuzkoako DYAk Osasunaren eta Istripuen Prebentzioaren Astea antolatu du irailaren 16tik 20rako, Zarautzen. "35 urte larrialdiez arduratzeak zerbait erakutsi badigu zera da, prebentzioa dela gako nagusia istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko", adierazi dute. Hori dela eta, 2009an Irakaskuntza Eskola proiektua jarri zuen abian DYAk, eta ordutik Gipuzkoako hainbat herritan gaiari lotutako doako jarduerak eskaintzen ditu. Zentzu horretan antolatu du hitzaldiz eta tailerrez jositako astea. Helburua ahalik eta jende gehienari gaixotasunak eta istripuak sahiesteko eta osasuna eta ongizatea bermatzeko oinarrizko kontzeptuak irakastea izango da. Hona hemen parte-hartzaileek landuko dituzten edukiak:
-Irailaren 16an, astelehenean: Ohiko larrialdiak eta egoera horien aurrean izan beharreko jokabideari buruzko hitzaldia. Besteak beste, miokardioko bihotzekoa, konbultsioak, zorabioak, traumatismoak, erredurak eta garuneko istripuei zein baskularrei helduko zaie.
-Irailaren 17an, asteartean: Hesgailuen oinarrizko tailerra, eskua, besoa, sorbalda, oina, belauna eta hankak lotzeko moduak landuz.
-Irailaren 18an, asteazkenean: Etxeko istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia: erredura, erorketa zein intoxikazioei helduz, besteak beste.
-Irailaren 19an, ostegunean: Bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra, non bertaratutako guztiek oinarrizko mugimenduak praktikatu ahal izango dituzten.
-Irailaren 20an, ostiralean: Zure bihotza zaintzea hitzaldia, bizitza osasungarria eramateko kontuan izan beharreko alderdi guztiak landuz.
Eduki teorikoak lantzeaz gain, bertaratutakoen testigantzak jaso eta parte-hartzaileek zalantzak argitzeko aukera izango da, eta baita mahai inguruak egitekoa ere. Saioak arratsaldez izango dira, 19:00etatik 21:00etara DYAko ordezkaritzan, Iturribide kaleko 12-14. zenbakietan.
Interesa dutenek doan bertaratzeko aukera izango dute gehien interesatzen zaizkien jardueretara. Hala ere, aurrez izena ematea komeni dela jakinarazi dute. 943-464622 telefono zenbakira deitu beharko da horretarako edota
irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbidera mezua bidali.