Euskal Jaiak 2013: egitaraua

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko irailaren 6a

Iazko Euskal Jai Eguneko argazki bat (Aritz Mutiozabal/Hitza) Iritsi da baserritar arropari hautsa kendu eta lisatzeko ordua. Astelehenean festa handia izango da, eta horretarako propio jantziko dira herritarrak, ohitura zaharrei eutsiz. Urtero legez, goiz-goizetik iluntzera arte izango da zer gozatua, eta festa hurrengo egunera arte luzatu nahi dutenentzat ere izango da aukera. Ohi bezala, Iturengo artzaiek esnatuko dituzte zarauztarrak, bizkarrean zintzilik daramatzaten tunturroen hots nahasezinarekin. Hortik aurrera, trikiti, dultzain, txistu eta bestelako doinuez josiko dira herriko txoko guztiak. Doinuz eta jendez. Izan ere, asko eta asko dira uda amaierako hitzordu garrantzitsua galdu nahi izaten ez dutenak. Askotariko geldialdiak egingo dituzte, Barren plazan, Musika Plazan, Lege Zaharren Enparantzan, Frontoi Txikian, Munoan, txosna gunean, Iñurritzan zein itsas pasealekuan, bakoitzaren nahierara. Izan ere, guztietan izango da festa giroa. Alproja taldearen Haur fabrika antzezlana Munoan; erromeria eta dantza egiteko aukera Iñurritzan, Musika Plazan eta Lege Zaharren Enparantzan; jolasak eta kontzertuak txosnetan... Ekitaldien zerrenda amaigabea izango da egun horretan. Prebentzioa indartu Urtero legez, Zarauzko Udalak prebentzioan egingo du indarra Euskal Jai Egunean ere. Hori dela eta, festatan «primeran pasatzeko» opatu die bertaratuko direnei, baina «pasatu gabe». Egunaz gozatzeko errespetua eta borondatea «ezinbestekoak» direla nabarmendu du, eta guztien ardura dela jai parekideak bermatzea, jarrera sexista eta diskriminatzaileak alde batera utziz. Era berean,  norbere buruarekin «ez pasatzea» gomendatu du udalak. Ildo horretatik, drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua jarriko dute txosna gunean. Bertan, doako analisien bitartez, drogen konposizio zehatza jakin ahalko da. Bestelako informazioa ere eskuratu ahalko dute postura gerturatzen direnek; besteak beste, droga bakoitzak organismoan duen eragina ezagutzeko aukera izango da. Horrez gain, DYA-Urpekoak erakundeko kideak lanean jardungo dute, beharrezko jotzen den ekitaldietan segurtasuna bermatze aldera. Bestalde, Euskotren elkarte publikoak tren zerbitzua areagotuko du, eta goizez zein arratsaldez tren bereziak jarri. Ohikoez gain, goizez 09:30ean, 10:30ean eta 11:30ean ere irtengo dira trenak Zumaiatik Donostiara, eta 09:20ean, 10:20ean eta 11:20ean kontrako norantzan. Gauean, berriz, 21:30ean eta 23:30ean bidaiatu ahalko da Zumaiatik Donostiara, eta hortik aurrera ordubetero, 05:30a arte. Donostiatik Zumaiara, berriz, 22:50 eta 04:50 artean orduro egongo da tren zerbitzua. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Euskotrenera dei dezakete, 943-54 32 10 telefonora, edota horren webgunea (www.euskotren.es) bisitatu . Euskal Jai Eguneko egitaraua
  • 07:00. Goiz eresia.
  • 08:00. Goiztiarrak taldearen irteera. Antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean zehar kalez kale garai hartako pertsonaiak irudikatuko dituzte.
  • 08:30. Kalez kale txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak.
  • 10:30. Frantziskotarren elizan Schola Cantorum abesbatzaren emanaldia: Herri Meza.
  • Mezaren ondoren. Frontoi Txikian, Goiztiarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak.
  • 11:45. Alproja taldearen irteera. Ibilbidea: San Inazio kalea, Kale Nagusia, Musika Plaza, Torre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta Munoa plaza.
  • Eguerdian. Munoan, Alprojaren Haur fabrika antzezlana.
  • 12:30. Santa Maria Real parrokiatik karrozak aterako dira, jarraian Kale Nagusia, Gipuzkoa kalea eta Zigordia kaletik, Lege Zaharren Enparantzan geratuz.
  • Jarraian. Musika Plazan, erromeria trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin.
  • Ordu berean. Lege Zaharren Enparantzan, erromeria trikitilariekin.
  • 13:00. Txosnen irekiera.
  • 14:00. Txosna gunean, jolasak.
  • Ordu berean. Musika Plazan, Lizarrako Larrain dantza herriko dultzaineroekin.
  • 17:00. Txosna gunean, trikitilariak.
  • 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, karrozekin, trikitilariekin, dultzaineroekin eta txistulariekin .
  • Ondoren. Iñurritzan, erromeria.
  • 19:15. Iñurritzan, Lizarrako Larrain dantza herrikoia dultzaineroak.
  • 20:00. Txosna gunean, kontzertua Skakeitan taldearekin.
  • 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
  • 21:00-23:00. Txosna gunean, drogei buruzko informazio eta ianalisi zerbitzua.
  • 23:00. Musika plazan, erromeria trikitilariekin.
  • Ordu berean. Txosna gunean, erromeria Trikidantz taldearekin.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide