75 urteko emakume bat Getariako portura erori da, haren autoarekin batera. 14:30ak aldera gertatu da ezbeharra. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, emakumea TAO txartela ateratzera joan da, eta hori autoan jartzera zihoanean lehiatila bat irekita zuela konturatu. Hura ixtera gerturatu denean autoa portu alderaka mugitzen hasi dela kontatu dute udaltzainek, oraindik argitu ez dituzten arrazoiengatik. Ondorioz, emakumea zein autoa uretara erori dira. Emakume bere kabuz igerian atera da uretatik. Gurutze Gorriko anbulantzian artatu dute eta, "oso urduri" bazegoen ere, onik dagoela ondorioztatu dute. Hala ere, osasun zentrora eraman dute, azterketa medikoa egin diezaioeten.
Marea goian dagoenez oraindik ezin dute autoa uretatik atera; jaitsi arte zain egon beharko dute, beraz. Behin marea jaisten denean aztertuko dute nola atera autoa portutik.