(Aiora Larrañaga/Hitza)
Alvaro Villar (Aizarnazabal, 1984) Aizarnazabalgo alkatea delako ezagutzen dute herritar askok. Dena dela, gazteak badu aspalditik lantzen duen zaletasunik. Villar pilates metodoan aditua da, eta alkatetzak uzten dion denbora librean pilates eskolak ematen ditu bere herrian bertan. Villar azken urteetan Euskal Herriko kiroldegi eta osasun zentroetara iraultza ekarri duen metodoaz aritu da UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Aizarnazabalgo alkatea izateagatik ezagutzen zaituzte herritarrek. Alkate lana eta pilates eskolak ematea bateragarriak al dira?
Pilates irakaslea izatea ez da nire ogibidea, zaletasuna da. Nik irakasle eta kirol teknikari izateko ikasi nuen, eta Aizarnazabalgo alkatetza hartu nuen arte horretan aritu nintzen. Baina alkate naizenetik kirol arloa zaletasuna bihurtu da. Ez nuen alde batera utzi nahi pilatesa, eta horregatik jarraitu dut nire denbora librean pilates eskolak ematen. Duela bost urte hasi nintzen Aizarnazabalen pilates eskolak ematen, eta oso aberasgarria da niretzat, herritarrakin harreman zuzena izatea ahalbidetzen baitit. Bi jarduerak guztiz bateragarriak dira.
Zenbaitek ez dute jakingo pilatesa zer den. Azaltzerik izango al zenuke?
Azken urteetan indarra hartu du pilates metodoak gure artean. Hau duela 80 urte Joseph Pilates alemaniarrak sortu zuen gimnasia metodoa da, eta gorputzaren anatomia, fisiologia eta bio-mekanikan oinarritutako ariketek osatzen dute. Joseph Pilates azkar konturatu zen ariketa horiek oso onuragarriak zirela gorputzarentzat. Pilatesen emaztea dantzaria zen, eta metodoak ematen zituen emaitza onuragarriak ikusita, dantza munduan ere metodoa erabiltzen hasi ziren.
Pilates metodoak zer du berezia?
Egia esan, metodoak biltzen dituen ariketak edo mugimenduak ez dira bereziak, beste hainbat gimnasia metodoetan erabiltzen direnen antzekoak baitira. Mugimendu horiek gorputzaren anatomia guztiz errespetatzen dute, eta horiek arnasketa eta erlaxazio ariketekin osatzen dira. Beraz, ez da ariketa soila, buruaren eta gorputzaren arteko oreka eta kontrola aurkitzen laguntzen baitu. Latinez esaerak dioen bezala
Mens sana in corpore sano. Ez da ahaztu behar adin, sasoi eta forma fisiko guztietako pertsonentzat egokitu daitekeela. Goi mailako kirolariek beren prestaketa osatzeko erabiltzen dute, baita bizkarreko mina sufritzen dutenek, arnasketa arazoak dituztenek, haurra izan berri diren amek, adinekoek edota haurrek ere.
Azken urteetan eskualdeko herri askotan eskaintzen da pilates metodoa. Zu nola murgildu zinen mundu horretan?
Ikastea amaitu nuenean lagun batek aipatu zidan Ameriketako Estatu Batuetatik zetorren gimnasia metodoa emaitza onak ematen ari zela, eta ezaguna egiten ari zela. Pilates metodoaren inguruan ikertzen hasi nintzen, eta ikusi nuen Donostian Espainiako Gimnasia Federazioak homologatzen zituen pilates metodoko ikastaroak eskaintzen zirela. Urtebeteko prestaketa ikastaroa egin nuen, eta pixkanaka-pixkanaka inguruko kiroldegietan eskolak ematen hasi nintzen. Orduan pilates metodoan espezializatutako irakasle gutxi geunden. Urte gutxitan jarduera ezagun egiten joan zen. Dena dela, uste dut hori kaltegarria ere izan dela. Izan ere, eskaera handia dagoenean irakasleak behar izaten dira, eta egun pilates eskolak ematen ari diren irakasle asko ez daude behar bezala prestatuak. Askotan eskaintzen diren eskolak ez dira egokiak izaten, talde handiak biltzen dituzte, eta ikasle bakoitzari ez zaio pilates metodoak eskatzen duen jarraipen pertsonalizatua eskaintzen. Prezioari dagokionean ere, pilates prestatzaile askok neurriz kanpoko prezioak ezartzen dituzte, herritarren ongizatea baino errentagarritasun ekonomikoa bilatzen dute.
Zaletasun izateak pilates metodoa beste ikuspuntu batetik jorratzea ahalbidetzen al dizu?
Nire helburua ez da pilates irakasle izatetik bizitzea, pilates metodoaren onurak herritarrei zabaltzea baizik. Lehengo egunean entzun nuen zenbait herritarrek pilates eskolako ordu bakoitzagatik 60 euro ordaitzen zutela; niri astakeria bat iruditzen zait hori. Nik herritarren onura bilatzen dut, eta ikasleek pilates eskoletara etortzen direnetik askoz hobeto sentitzen direla, zerbikaletako minik ez dutela, euren gorputzarekin hobeto sentitzen direla, edota autoestimua hobetu dutela esateak poz handia ematen dit. Oso aberasgarria da niretzat.
Zuri pilates metodoak berak zer eskaintzen dizu?
Alkate izateak burua mila kontutan izatera behartzen du, eta pilates metodoak erlaxatzen laguntzen dit. Nik eskolak ematen ditudanean ariketa guztiak egiten ez baditut ere, ikasleekin batera arnasketa lantzen dut; besteei erlaxatzeko bidea erakusteak niri ere erlaxatzen laguntzen dit. Niri iritziz lehenik eta behin irakasleak izan behar du lasai, ikasleari erlaxatzen laguntzeko. Azkenean giro oso ona sortzen da eta etxera itzulitakoan ere lasaitasun eta armonia horrekin jarraitzen duzu. Estresatuta nagoenetan ere etxean pilates ariketak egiten ditut. Horretaz gain, ez da ahaztu behar beste kirolekin guztiz bateragarria eta osagarria dela pilates metodoa. Niri surfa egitea eta futbolean jokatzea gustatzen zait eta horien osagarri ere badira ariketak, giharrak beste modu batera lantzen laguntzen baitute.