Enbatak maila galdu du, eta KAE-2n jokatuko du datorren urtean

Aritz Mutiozabal 2013ko irailaren 4a

Zarauztarren Enbata trainerua (Bittor Mutiozabal).

Zarautzek ezin izan dio mailari eutsi asteburuan jokatutako play-off kanporaketetan, eta datorren denboraldian KAE-2 mailan jokatuko du. Ligan azken bigarren postuan bukatu du, Camargoren aurretik; kantabriarrak zuzenean jaitsi dira beheko mailara, eta haien lekua Sanpedrotarra taldeak hartuko du datorren urtean, KAE-2ko lehenak izan direlako. Hartara, Zarautzekmaila mantentzeko kanporaketa jokatu behar izan du, Hondarribia B eta Deusto taldeekin batera; hau da, KAE-2ko bigarrenarekin eta hirugarrenarekin.

Play-offeko lehen jardunaldian Hondarribia B gailendu zen Erandion, larunbatean. Zarauztarrak ez ziren fin ibili eta hirugarren sailkatu ziren. Hurrengo egunean, bigarren eta azken jardunaldian, garaile izan ziren Hondarribian, baina etxekoak ez zuten amore eman eta Enbataren atzetik helmugaratu ziren bigarren postuan. Emaitza horrekin Hondarribia B-k KAE-1 ligara igotzea lortu zuen, eta, aitzitik, Zarautzek maila galdu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide