Xabier Munibeko DBHkoek hiru tokitan banatuta hasiko dute ikasturtea

Ane Olaizola 2013ko irailaren 4a

Jexux Zelaia, Xabier Munibe Ikastolako DBHko zuzendaria (Ane Olaizola/Hitza) Ikastetxeek laster ekingo diote ikasturte berriari, eta irakasleak dagoeneko ari dira prestaketa lanetan. Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan, ordea, azken urteetako arazoari aurre egin nahian dihardute aurten ere: urtez urte gero eta ikasle gehiago dute, eta txiki geratu zaie egungo eraikina. Berria egiten hasteke, DBHko ikasleak sakabanatu eta horietako askok Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko sotoetan egon beharko dute laugarren urtez. «Orain arte bi lekutan zeuden banatuta, baina aurten hiru tokitan egongo dira», adierazi du Jexux Zelaiak, Xabier Munibe Ikastolako DBHko zuzendariak. DBHko 257 ikasleetatik 190 Urola Ikastolan egongo dira, eta 11 gela izan beharrean, 12 izango dituzte aurten. Hori hala, idazkaritza Urola Ikastolara aldatuko dute. Gurasoek hara joan edo deitu beharko dute aurrerantzean. Lau mailetako ikasleak hiru eraikinetan banatuko dituzte. Lehenengo mailakoak Xabier Munibeko eraikinean egongo dira, eta gainontzekoek Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko metaleko eta egurreko ikasketak eskaintzen dituzten eraikinen sotoetan egingo dituzte ikasketak. Hala, irakasleak egoera berrira moldatzeko buru-belarri ari dira lanean azken egunetan; sareko instalazioak aldatu, beharrezko materiala eraman... Egoera honek sortzen dizkien arazoen aurrean, egungo egoerari aurre egiteko irtenbidea eraikin berria egitea dela nabarmendu du zuzendariak. Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIn bigarren eraikina erabili ahal izateko, obrak egin dituzte azken hilabeteetan, eta sotoetan sei gela egokitu dituzte. «Gela batzuk argi naturala dute. Barrukoak ia lurrazpian daude, eta han irakasle gela, laguntza gela, egurren ikasketetarako gela eta beste gela bat daude. Azken horrek ezetasun asko du, eta momentuz ez dugu erabiliko». Ikasgelek 50 metro koadro neurtzen dute, baina «luzeak eta estuak» direla adierazi du Zelaiak. «Horrek entzuteko arazoak sor ditzake, eta bi arbel sartzeko espazio gutxi dago». Egoera «ezegonkorra» Ikasleen eta irakasleen egoera «ezegonkorra» dela aitortu du zuzendariak, eta horrek oztopo ugari sortzen dizkiela onartu: «Irakasleek, askotan, batera eta bestera ibili behar dute». Ikasleek ere ezohiko egoera izango dute datorren ikasturtean: «Hamasei urtera arte derrigorrezkoa dugu ikasleak zaintzea. Urola Ikastolan zailagoa da zainketa lana, ikastetxeak duen egiturarengatik. Gainera, 12 urteko gaztetxoek ikasle zaharragoekin partekatzen dute espazioa». Xabier Munibe Ikastola (Xabier Otamendi/Hitza) Obrak, martxoan esleitzekoak Zelaiaren esanetan, Lehen Hezkuntzan «izugarri» igo da ikasle kopurua, eta horrek eragin du DBHko ikasleak eta irakasleak lekuz aldatzea. «Batetik, askok ikastetxe publikora jo dute, eta bestetik, etorkinen kopurua igotzen ari da». Aurrera begira, gainera, egungo joera mantendu egingo dela aurreikusi du. «Lehen Hezkuntzan ikasle gehiago sartzen den heinean, DBHko egoera puzten joango da». Egoerari buelta emateko, beraz, erakin berria «beharrezkoa» dute. DBHko zuzendaria aste honetan izan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunekin harremanetan, eta aurreratu diotenez, hurrengo urteko martxoan dira obrak esleitzekoak. Dena den, zuzendariak zuhurtziaz hartu du berria: «Askotan entzun dugu prozesua ondo doala, baina gero atzeratzen joan da guztia». Behin obrak esleitutakoan, ikastolaren eraikin berria zortzi hilabetetan egiteko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide