Bilketa atzeratu egingo da eskualdeko mahastietan (Argazkia: Lore Agirrezabal)
Gero eta gehiago dira beren lurretan mahastiak jartzera animatzen diren baserritarrak. Kostako paisaia eraldatzen ari da pixkanaka, edo garai batekoaren antza hartzen, eta mahastiak nonahi kusi daitezke egun. Uda partean nabarmena da mahatsaren presentzia eskualdean, fruituz gainezka izaten baitira mahastiak. Dena dela, eguraldiarekin zuzenki erlazionatuta dago mahats ekoizpena, eta aurten bilketa urrira atzeratuko dela jakinarazi dute Getariako Txakolina jatorri izenetik.
Aurtengo udaberria «hotza eta euritsua izan da» eta horrek aztoratu eta «atzeratu» egin du barazki eta fruituen heltzea; tomateak, piperrak....dena atzeratu da aurtengo udan. «Uda ona izaten ari da, baina udaberrian izandako eguraldiaren ondorioak antzematen ari dira baserritarrak mahatsaren heltzeari dagokionean», adierazi du Ruth Mozok, Getariako Txakolina jatorri izeneko idazkari nagusiak.
Mozoren esanetan, mahats ekoizpena ona izan dadin, «udaberri ona egin behar du, eta udako azken hilabetean beroa egitea eta eguraldi lehorra izatea garrantzitsua da, orduan erabakitzen baita mahatsaren heltze puntua».
Normalean txakolin ekoizleek irailaren azken astean biltzen dute mahatsa, baina aurten bilketa aste pare bat atzeratuko dela uste dute. «Mahasti zaharrenetako fruitua lehenago heltzen da, eta haien uzta urriko lehen 10 egunetan biltzeko aukera izango dugula espero dugu. Gainontzean, Pilarreko Amabirjinaren egunaren ondorenera atzeratuko da bilketa», zehaztu du Mozok.
Krisiari aurre eginez
Bilketa atzeratzeaz gain, aurtengo uztak beste urteetan baino mahats gutxiago emango duela uste dute Getariako Txakolina jatorri izeneko arduradunek. «Mahatsak zein kalitate izango duen ere ikusteke dago, azken hilabete honetan egiten duen eguraldiaren araberakoa izango baita. Nekazaritza sektorean lan egiten duten gainontzeko ekoizleak bezala, zerura begira bizi dira txakolin ekoizleak, eguraldiak guztiz baldintzatzen baitu haien jarduera. Azken urteetako uztak oso onak izan dira mahats kopuruari eta kalitateari dagokionean, eta normala da aurtengoaren inguruan kezka izatea».
Txakolin kontsumoari dagokionean, krisiaren eraginez «jaitsiera txiki bat» izan dela azaldu dute jatorri izenenetik. «Kontuan hartu behar da txakolindegi kopurua eta ekoizpena asko hazi dela azken urteetan; %30, gutxi gorabehera. Hori bat etorri da krisialdiarekin, eta ekoizleek antzeman dute kontsumoan jaitsiera. Hala ere, osasuntsu dagoen sektorea dela argi utzi behar da, eta krisiari aurre egiten ari dira txakolin ekoizleak».