Zilarrezko LEB Ligako Iraurgi SB taldea; jokalariak, entrenatzailea eta prestatzailea (Argazkia: Iraurgi SB)
Kide berriak eta zaharrak izango ditu 2013-2014ko denboraldian Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligako Iraurgi SBk. Abuztuaren 23an hasi zituzten Iker Buenok eta Xabier Aranburuk zuzendutako entrenamenduak. Liga, berriz, urriaren 5ean hasiko dute ofizialki, Guadalajaran (Espainia). Aurretik, ordea, Euskal Kopa jokatuko du bailarako saskibaloi taldeak.
Iraurgi Saskibaloi Elkartearen lema Iker Buenok (Azpeitia, 1988) hartu du. Orain arte Iurgi Caminosek (Donostia, 1978) bete duen postua hartu du; Caminosek Zilarrezko LEB mailan ari den Gasteizko Araberri taldea entrenatuko du. Iraurgikoek Caminosi eskerrak eman dizkiote urteetan taldean egindako lanagatik, eta ibilbide berrian zortea opatu diote.
Entrenatzaile aldaketaren berri ematerako garaian, Iraurgiko arduradunek «arrazoi ekonomikoak» nabarmendu dituzte. «Inguruko egoera ekonomikoak eragina du Iraurgi SBn ere. Taldeak denboraldia aurrekontua itxi gabe hastea horren adibideetako bat da. Horrelakoetan kanpokoa alde batera utzi, eta etxera begira hastea izaten da ohikoa, eta entrenatzailearen kasuan ere horixe gertatu da», azaldu dute saskibaloi taldeko arduradunek.
Esperientzia duen gaztea
Dena den, Bueno gaztea izan arren, entrenatzaile bezala esperientziaduna dela uste dute Iraurgikoek. «Nahiz eta 25 urte besterik ez izan, entrenatzaile bezala ibilbide luzea du Buenok». Azpeitiarrak Iraurgiko harrobiko hainbat talde gidatu du, bai lehen eta bai bigarren entrenatzaile bezala. Horrez gain, Zilarrezko LEB Liga ere «ongi» ezagutzen duela nabarmendu du saskibaloi klubak: «Azken denboraldietan Caminosen laguntzailea izan da».
Buenok Iraurgiko gizonezkoen lehen taldea zuzentzeko etxeko beste bat izango du lagun: Xabier Aranburu prestatzaile fisikoa. Honek ere urteak darama Iraurgi SBko jokalariek egin beharreko lan fisikoaz arduratzen.
Denboraldia ondo hasteko aurrez egindako lanak garrantzia handia duela eta dagoeneko lanean hasita dago Iraurgi SB. Joan den astean egin zituzten lehen entrenamenduak, «liga hasterako ahalik eta egoera onenean egoteko helburuarekin».
Bertakoak heziz eta haziz
Joan den hilean lehen taldea osatzeko lanak egin zituzten Iraurgikoek, jokalari batzuei fitxa berrituz eta berri batzuk gehituz. Beñat Barberenak, Joseba Ibargutxik, Lander Lasak, Ibon Guridik eta Imanol Zubizarretak taldearekin segituko dute denboraldi berrian.
Horiez gainera, abuztuaren hasieran Ander Arruti eskolta gasteiztarra fitxatu zuen klubak; azken bi urteak Zaragozako taldean egin ditu. Bestetik, Xavi Assalitek Iraurgi SBn jokatuko du, GBCk utzita. Gazte kataluniarra Joventutetik fitxatu du GBCk, eta Iraurgikoen esanetan, «fisiko indartsua duen joko antolatzaile oso azkarra da. Kontraerasoan bikain moldatzen da, eta barneraketak egiten oso abila da».
Iraurgiko hegal-pibot berria, berriz, Pape Amadou Sow senegaldarra izango da. Hau 2007an Sevillako Cajasol taldeko kadeteetan hasi zen. Ondoren, Bartzelonak fitxatu zuen bigarren talderako, eta aurreko denboraldia Avilako taldean hasi, baina Ferrolen bukatu zuen, arazo pertsonalak zituela argudiatuta. Iraurgikoen esanetan, «erasoan iaioa da, baina defentsan dauka indarra».
Horiez gainera, lehen taldearekin entrenatuko dute Jakes Alberdik eta Jon Etxanizek. Biek ala biek Iraurgiko bigarren taldearekin jokatuko dute, baina lehen taldeko dinamikan sartzeko aukera eskaini die klubak.
Iraurgi SBk Gipuzkoako eta Euskal Herriko saskibaloi jokalari gazteei profesionalki hazteko aukera emateko filosofiarekin segitzen du: «Denboraldi berri honen hasieran hori garbi gelditu da. Jokalari gehienak euskaldunak dira, eta, gainera, orain ere harrobikoei aukera eskainiko diegu».
Lehen proba, Euskal Kopa
Denboraldi berrirako Iraurgikoek osatu duten taldea lehian ikusteko aurreneko aukera Euskal Kopak eskainiko die saskibaloizaleei. Iraurgi SBk irailaren 14an hasiko du txapelketa. Orduan Unamuno taldearen kontra jokatuko du. Kopako bigarren neurketa Easoren aurka izango du, irailaren 21-22ko asteburuan. Multzoko lehen postua eskuratuz gero, Lauko Finala jokatzeko aukera lortuko luke.
Zilarrezko LEB Liga, berriz, urriaren 5ean hasiko du etxetik kanpo Guadalajararen kontra jokatuz. Denboraldi berrian hamahiru talde ariko dira: Iraurgi SB, Avila, Palma Air Europa, Prat, Caceres, Amics Castello, Guadalajara, Cafes Aitona, Fuenlabrada, Conservas de Cambados, Araberri, Marin Peixegalego eta Zornotza.