Zestoako Bainuetxeko langileak mobilizazioak egiten ari dira, lan eskubideen alde. Izan ere, Espainiako lan erreforma berriak ematen dituen aukerak baliatuz, zuzendaritzak hainbat murrizketa ezarri die langileei. Abuztuaren erdialdetik elkarretaratzeak, manifestazioa eta bi eguneko greba egin dituzte. Azkenekoz atzo elkarretaratu ziren bainuetxe aurrean, «Zestoako bainuetxeko zuzendaritzak langileen lan eskubideen aurka izan duen duen jokaera larria» salatuz.
Joan den ostiralean greba eta manifestazioa egin zuten (Argazkia: Danbolin)
Zestoako Bainuetxea Tres Mares enpresak kudeatzen du egun. Enpresa Kantabriakoa da (Espainia) eta Zestoakoaz gainera, Kantabriako, Aragoiko eta Galiziako beste ostalaritza azpiegitura batzuk ere kudeatzen ditu. Zestoako Bainuetxean gaur egun 60 langile inguruk egiten dute lan. Hala, langile kopurua kontuan hartuta, herriko enpresa handienetako bat da bainuetxea. Gainera, langile gehienak Zestoakoak edota inguruko herrietakoak dira. Horrez gain, langile askok urteak daramate bainuetxean lanean.
Zestoako Bainuetxeko Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek azaldu dutenez, Zestoako langileei beste zentruetako lan baldintzak ezarriko dizkie, «langileen eskubideak bortizki erasotuz».
Langileen ordezkariek salatu dutenez, bainuetxearen enpresako zuzendaritzak «inposaketaren bidea» hartu du, eta Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmenean jasotako eskubideak ez ditu errespetatu.
Zestoako langileen helburua orain arteko lan baldintzei eustea da. Baina joan den hiletik, Espainiako lan erreforma berriak ematen dituen aukerak baliatuz, hainbat murrizketa ezarri diete bainuetxeko langileei: «Soldatak %25 murriztu dizkigute; urteko lanaldia 75 ordu gehiagokoa ezarri digute, 1.723 ordutik 1.800 ordura pasatuz, hala ordu bakoitzaren balioa %4,5 jaitsiz; 270 orduko disponibilitatea ezarri digute, lan egutegia nahi dugunean aldatzeko; aintzinatasuna gogor murriztu digute; eta, jai egun, garraio eta gauez lan egiteagatik genituen gehigarriak murriztu dizkigute».
Zestoako Bainuetxeko langileak, atzo, lan eskubideen aldeko elkarretaratzean (Nerea Uranga/Hitza)
Ezarri dizkieten lan baldintzen murrizketen ondorioz, urteko sarrerak %45 murriztuko zaizkie, haien ordezkari sindikalen arabera. «Joan den hilean 700 euro gutxiago irabazi zuten langileak daude. Honek dakarren galerarekin», nabarmendu dute.
Bi eguneko greba
Joan den astean bi eguneko greba egin zuten Zestoako Bainuetxeko langileek. Grebaren aurrean enpresako zuzendaritzak izandako jarrera ere salatu dute langileen ordezkariek. «Bi greba egun
horien ondorioz, hotela hustu egin zuten, eta bezeroak enpresak kudeatzen dituen Aragoiko eta Kantabriako zentruetara eraman zituen. Guk batik bat Imsersokoak ditugu bezeroak.
Ondorioz, larunbatean hutsa gelditu zen hotela, eta berriz bete arte, hamazortzi langile kaleratu egin dituzte. Guk hori dena auzitara eraman dugu», azaldu dute langileek. Eta gehitu: «Izan ere, guk gure urteko lan egutegia daukagu, eta hori ez du errespetatu enpresak». «Greba eskubidea ere ez digute errespetatu», salatu dute langileek. Horregatik, lan eskubide guztien alde borrokan eta mobilizatzen segitzeko asmoa dutela nabarmendu dute Zestoako Bainuetxeko langileek.