160 lagunek hartuko dute parte larunbatean Zumaiako Triatloian, maila herrikoian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 3a

310 kirolarik parte hartuko dute larunbatean Zumaiako Triatloian esprint distantzia kategorian. (Argazkia: Bittor Mutiozabal) Iaz bezala, bi kategoritan banatuta egongo da proba, antolatzaileek azaldu dutenez. Alde batetik, kirolari federatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, esprint distantzian. Arratsaldeko 18:15ean emango diote hasiera emakumezkoen probari, eta 18:30etan izango da gizonezkoen txanda. Esprint distantziako triatloiean parte hartzen dutenek 750 metro ibaian igerian, 20 kilometro Zumaia eta Aizarnazabal artean bizikletan eta herrian zehar 5 kilometro korrika osatu beharko dituzte. Zumaiako Triatloi Taldea oso gustura dago probak kirolari eta herritarren artean duen harrerarekin. Andoni Agirre elkarteko lehendakariaren esanetan, kirolarien erantzunak «segurtasuna» eta urtero-urtero proba antolatzeko «indarra» ematen dio elkarteari. Kirola ezagutaraztea xede Iaz bezala proba herrikoia ere antolatu du Zumaiako Triatloi Taldeak larunbaterako. Hori, proba nagusia baino «samurragoa» izango dela adierazi dute: «Triatloia zer den ezagutzeko aukera aproposa izango da». Andoni Agirreren esanetan, proba herrikoiak «harrena bikaina» izan du hasieratik. «Izena emateko epea ireki eta aste eta erdira, gehienezko parte-hartzaile kopurua osatu genuen.160 lagunek izena eman dute, hain zuzen ere». Triatloi herrikoiari 17:00etan emango diote hasiera, eta parte-hartzaileek 350 metro ibaian igerian, 10 kilometro bizikletan Zumaia eta Oikia artean eta 2,5 kilometro herrian barrena korrika osatu beharko dituzte. Materialari dagokionean, berriz, antolatzaileek jakinarazi dute parte-hartzaileek mendiko bizikletarekin lehiatu ahalko direla kategoria herrikoian. «Triatloiak errepideko bizikletarekin jokatzen dira. Gure asmoa ahalik eta herritar gehienek kirola ezagutzea da. Horregatik, proba herrikoian erraztasunak eman nahi ditugu. Uretako atala osatzeko, esaterako, betaurrekoak eta txapela guk emango ditugu, eta parte-hartzaileek ez dute uretako jantzi berezia eraman beharrik izango». Zumaiako Triatloi Taldeko kideen iritziz, triatloiak hiru jarduera biltzen dituenez, «kirol osatua» da, eta, horregatik, gero eta gehiago dira inguruko herrietan egiten diren probetan parte hartzera animatzen diren kirolari amateurrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide