Kontxan "lehia irekita" geratu da oriotarren ustez

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 2a

Kontxako lehenengo jardunaldia jokatu ondoren bi izan dira ondorioak. Emakumezkoen mailan, Zumaiakoa Kantauriko trainerurik indartsuena dela argi utzi dute beste behin taldeko gorriko arraunlariek. Gizonezkoen mailan, berriz, aurreko urteetan ez bezala, indarrak parekatuta daudela ikusi da. Emakumezkoen estropadan, denboraldian zehar gertatu bezala zumaiarrak izan ziren nagusi igande eguerdian Donostiako uretan, talde gorriak hamar segundotik gora atera baitzion bigarren postuan sailkatu zen Hibaika traineruari. Lehen luzean talde errenteriarrak gertutik jarraitu zion Zumaiako traineruari, eta zenbait unetan 2-3 segundo aurretik ere jarri ziren. Hala ere, Zumaiako arraunlariek buruarekin jokatu zuten momentuero, eta taldeak heldutasuna erakutsi zuen lehian zehar; urduritasuna alde batera utzita, sendotasunez euren lana egin zuten kideek, 35 palakadako erritmoa gainditu gabe. Ziaboga eman ondoren, zumaiarrak intentsitatea igo zuten, eta Hibaikarekiko zuten aldea handitu zuten. Azkenean bigarren helmugaratu zen Hibaika traineruari hamar segundutik gora atera eta Kontxako bandera Zumaia bidean jarri zuten. Zumaiako arraunlari, prestatzaile eta elkarteko arduradunek denboraldian zehar Kontxako Estropadaz hitz egin nahi izan ez badute ere, iraileko lehen asteburuak gogoan izaten dira denboraldia hasi orduko. «Gure filosofia estropadaz estropada joatea izan da, bururik galdu gabe. Kontxako Estropadako lehian ere horrela egin dute arraunlariek; estropada arrunta bailitzan hartu dute, eta modu horretan beren maila erakutsi dute, bururik galdu gabe. Orain, hurrengo iganderako prestatu behar dute arraunlariek; entrenamenduz entrenamendu joan, eta berriz ere igandean euren onena ematea izango da helburua», azaldu dute elkarteko ordezkariek. Arraunlariek eta taldeko arduradunek jakin badakite aste «berezia» izango dela. «Kontxako Bandera igandean jokatuko da, eta estropada bukatu arte ezin da ezer ziurtzat eman. Horregatik, orain garrantzitsuena prestaketan eta igandeko estropadan zentratzea izango da». Oriotarrak sei segundora Gizonezkoen mailan ezustekoz betetakoa izan da Kontxako Estropada. Denboraldian zehar Kantuari Itsasoko talderik indartsuena izan da Kaiku, eta igandeko estropadan laugarren postuan sailkatu zen, aurreikuspen eta apustu guztiak hautsita. Lehen txandan jokatu zuen Urdaibai talde bermeotarrak, eta hark egin zuen denbora onena. Eskualdeko ordezkari bakarra, Orioko trainerua, hirugarren sailkatu zen, lehenengoarengandik sei segundora. Datorren igandean ohorezko txandan jokatuko duten lau traineruak, Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku, 13 segundoren bueltan helmugaratu ziren atzo, eta arraunzale gehienak bat etorri dira: «Datorren igandean ez da izango harrokeriarik uretan. Oso irekia geratu da final handia, eta denbora tarteak txikiak direnez, edonork eraman dezake etxera Kontxako Bandera». Beraz lehia estua ikusteko aukera izango da igandean. Oriotarrak gustura dira Donostiako uretan egindako lanarekin. «Gu txanda irabazteko asmoz joan ginen Kontxako lehen estropadara. Lehen luzean Urdaibairi eustea lortu bagenuen ere, azkenean ihes egin zigun, eta sei segundoko aldea atera zigun» adierazi dute elkarteko arduradunek. Dena dela, lehen hiru traineruak sei segundoren bueltan helmugaratuta bandera lortzeko «lehia irekita» geratu dela adierazi du Orioko Arraun Elkarteko ordezkari Iñaki Arostegik. Bestalde, oriotarrak oso gustura daude herrian arraun giroa berreskuratu delako. «Igandean Donostiako arranpla eta portu ingurua horiz ikustea oso polita izan da», aitortu du Arostegik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide