Zumaiako trainerua nagusitu da Kontxako banderako lehen jardunaldian

Urola Kostako Hitza 2013ko irailaren 2a

Zumaiako trainerua lehen postuan sailkatu da. (Egilea: Joxemari Olasagasti) Irailarekin batera tostako arraunketako hitzordurik garrantzitsuena iritsi da. Arraunlari eta arraunzaleak udako hilabeteetan zehar traineruak Kontxako Estropadara zer nolako sasoian iritsiko zirenaren inguruan eztabaidan aritu dira eta ohikoa den bezala ezusteak izan dira urteko estropadarik garrantzitsuenean. Emakumezkoen estropadan, denboraldian zehar bezala zumaiarrak izan ziren nagusi atzo eguerdian Donostian ; talde gorriak hamar segundotik gora atera zizkion bigarren postuan sailkatu zen Hibaika traineruari. Gizonezkoen mailan, berriz, ezustekoz beteta iritsi zen Kontxako Estropada. Denboraldian zehar Kantauri Itsasoko talderik indartsuena izan den Kaiku atzoko estropadan laugarren postuan sailkatu baitzen, aurrikuspen eta apustu guztiak hautsita. Lehen txandan jokatu zuen Urdaibai talde bermeotarrak egin zuen denborarik onena eta eskualdeko ordezkari bakarra, Orioko trainerua, hirugarren sailkatu zen, lehenengoarengandik sei segundora. Datorren igandean ohorezko txandan jokatuko duten lau traineruak, Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku, 13 segunduren bueltan helmugaratu ziren atzo eta arraunzale gehienak bat etorri dira: "Datorren igandean ez da izango harrokeriarik uretan. Oso irekia geratu da final handia eta denbora tarteak txikiak direnez, edonork eraman dezake etxera Kontxako Bandera. Lehia estua ikusteko aukera izango da igandean".   Gizonezkoen estropada 1.- Urdaibai 19:17,14 2.- Hondarribia 19:20,54 3.- Orio 19:23,26 4.- Kaiku 19:30,84 5.- San Pedro 19:33,68 6.- Portugalete 19:37,12 7.- Tiran 19:55,54 8.- Donostiarra 20:20,20 Emakumezkoen estropada 1.- Zumaia 10:37,16 2.- Hibaika 10:48,88 3.- San Juan 10:55,82 4.- Mecos 11:03,04

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide