Zestoako Bainuetxeko langileek protestak hasi dituzte, lan baldintzak mantentzearen alde

Onintza Lete Arrieta 2013ko abuztuaren 9a

Bainuetxearen aurrean egingo dituzte protestak langileek (Hitza) Bainuetxearen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte bertako langileek abuztuan zehar. Gaur egingo dute aurrena, eta hilaren 16an eta 23an ere protesta egingo dute. Gainera, bainuetxeko langile ordezkaritzakoek azaldu dute irailean "neurri gogorragoak" har ditzaketela. Gaur egun dituzten lan baldintzak mantentzea da langileen helburua. Langileen esanetan, Espainiako lan erreforma berriak ematen dituen aukerak baliatu nahi ditu enpresako zuzendaritzak langileen lan baldintzak okertzeko. Hala adierazi dute prentsa ohar bidez: "Bertako zuzendaritzak egun lan erreformak ematen dizkion aukeretaz baliatuz, orain arte langileen eskubideak bermatzen zituen Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmenaren eskubideak murriztu nahi ditu, gutxi gorabehera %40". "Kantabrian duten  zentroko langileei aplikatzen dizkieten baldintzak Zestoako langileei aplikatu nahi dizkiete", azaldu dute. Baldintza berriak zein izango liratezkeen ere esan dute: "Besteak beste soldatak %22 baxuagoak izatea; urtean 1.723 lan ordu egin beharrean, 1.800 ordu egitea; festa egunetan eta kilometro kopuruaren arabera kobratzen den gainbalioaren desagerpena; eta antzinatasunari dagokionez murrizketak egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide