(O.L.A./Hitza)
Bi aldeen artean liskarrak daudenean, askok epaitegietara jotzea baino nahiago izaten dute arbitro batekin konpontzea. Hau da, gai horretan aditua den pertsona batek erabakitzea zeinek duen arrazoi. Juanjo Alvarez zumaiarrak badu lan horretan esperientzia, nazioarteko merkataritza liskarretan bereziki.
Arbitrajeen harira, saltsa ederra dago Frantzia aldean. Eta Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria dago tartean.
Bai. Lagarde Frantziako Justizia ministro zela, arbitratzeko auzitegi zehatz bat sortu zuen, ad hoc, Frantziako Gorteko kasazioko epai bat bertan behera uzteko. Zertarako, eta kalte-ordain baten prezioa ezartzea bezalako gauza berezi batentzat. Bernard Tapie enpresaburuak sekulako pisua du, eta hark eskatzen zuen Adidas marka saltzeagatik kalte-ordaina. Beraz, haren gertuko arbitraje auzitegi bat sortu zuten. Formalki dena oso eredugarria da, baina benetan, praktikan, ez. Epaile bat kontrola daiteke zerbait gaizki egiten badu. Baina arbitro bat kontrolatzea zailagoa da. Nork kontrolatzen du arbitroa? Bada, epaileek eurek eta oraingo Frantziako Gobernuak sekulako eskandalua ikusi dute Adidas saltzeagatik dagokion kalte-ordainean. Eta eskandalua hainbestekoa denez, Lagarderi leher dakioke. Izan ere, Frantziako Estatuko diru kutxaren ikuspuntutik, kostua basatia da.
Eta zer gertatuko da zure ustez?
Lagardek paper garrantzitsua jokatu zuen han, dirutza kobratu zuenarekin duen laguntasunarengatik. Normalena da eskandalu politikoa eragiteaz gain eskandalu judiziala ere eragitea. Izan ere, Frantziako kasazio auzitegiak esan du epai bati barre egiteko arbitraje bat jarri dela. Epaiak zioen kalte-ordain hori soberan zegoela. Eta argituta zegoenean kontua, arbitraje bat onartu zen, eta epaitu zuen jada epaitutako zerbaiten gainean. Eskandalu txiki bat da. Negozioen arloa eskandalugarria da; arbitro orok du prezioa. Zoritxarrez, hala da.
Iruzur asko egiten da, beraz.
Itsas arloari dagokionez, esaterako, arbitrajeak funtzionatzen du, eta oso ondo funtzionatzen du, arbitroen espezializazio maila oso altua delako eta ez direlako erosten. Azken batean, zuk badakizu ustelkeria horretan sartzen bazara ez duzula gehiago lan egingo. Baina nazioarteko finantzen markoan, asko dago, bai.
Adibiderik?
Nazioarteko Diru Funtsa horren erakusgarri da, Munduko Bankuaren Inbertsioen Inguruko Ezberdintasunak Konpontzeko Nazioarteko Zentroarekin (CIADI). Izan ere, 10-15 arbitroren artean banatzen dituzte arbitraje guztiak. Nola jakin dezakezu gauza guztiez? Inork ezin du, eta hala ere, beti arbitro berak aukeratzen dira. Zergatik? Bada, aurrez badakitelako zer erabakiko duten.
Zuk zein arlotan duzu esperientzia?
Normalean merkataritza arlokoak dira, obra publikoko bateren bat... Egia esan, umiltasun ariketa bat da. Izan ere, normalean abokatuek epaileak kritikatzen dituzte, halako epailek epai eskasa egin duela, edo epaile hura txarra dela esatea ohikoa da. Zuri tokatzen zaizunean epaia ematea,
bi aldeak entzun, eta haien abokatuak, eta esertzen zarenean konturatzen zara zeinen erraza den kritikatzea, eta zeinen zaila zeure burua konbentzitzea egiten duzuna zuzena dela, ondo oinarritutakoa. Zaila da. Mundua zenbat eta gehiago zabaldu, zure ezjakintasunaz are kontzienteago zara. Unibertsitateko oholtzak harropuzkeria ematen du, eta honek hankak lurrean jartzen laguntzen du.