"Almuniak gauzak konpontzeko moduko joko eremua ezarri du"

Onintza Lete Arrieta 2013ko abuztuaren 8a

Juanjo Alvarez, Zumaian Balenciaga ontziolaren inguruan (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Ontziolak gertukoak ditu Juanjo Alvarezek (Zumaia, 1964). Zumaiako Balenciaga ontziolan lan egin zuten bere aitak eta osaba batek, eta zuzenbideko doktore tesia ere itsas zuzenbideari buruz egin zuen. Nazioarteko zuzenbide pribatuko katedraduna da, EHU-n irakasle, eta iritzia eta aholkua eskatu ohi diote gobernuek eta Europako Batzordeak hainbat arlotan. Ontziolen auzian, kasu. Zein iritzi duzu ontziolen auziaren inguruan? Espainiako Gobernua Joaquin Almunia Europako Lehia komisarioarekin bildu baino aste batzuk lehenago, Gobernutik iritzia eskatu zidaten, beste hainbat pertsonari bezala. Eta nik esan nuen ezin zitzaiola publikoki komisarioari eraso egin, joko hau parte batean politikoa eta beste batean teknikoa delako. Ezin zaio publikoki eraso egin izugarrizko maniobra tartea duen pertsona bat. Lehen kontua hori da, eta beraz, uste dut komunikazioa ez dela ondo kudeatu. Ez da hori gaizki egindako gauza bakarra zure ustez, ezta? Ez. Bada bigarren kontu bat, oso argia. Espainiak ez du araua bete; hori oso argia da, oso nabarmena da, oso agerikoa. Materiala baino, formala izan da ez betetze hori. Aurrez baldintzak jakinaraztea eskatzen du prozedurak. Opor fiskalen kasuan gauza bera gertatu zitzaigun. Egoki jakinarazita, egoki komunikatuta, Europako Batzordeak 10etik 10 ez dakit, baina krisi garaietan ziurrenez bai, baietz esango ziokeen Espainiari. Lehiakideei jakinarazten bazaie, baldin badakite zer dagoen... Baina ez bada ezer jakinarazten. Europak espreski eskatu zion informazioa Espainiari, ezta? Bai. Europak eskatu zion informatzeko, ari zitzaizkiolako beste estatu batzuk galdezka horren harira, eta Espainiak beste aldera begiratu zuen. Eta horrelakoetan, azkenean zigor bat iristen zaizu. Zigor hori ez da sistema bera ilegala delako, forma kontu batengatik baizik. Tax lease sistemaz ari zara. Zer da, zehazki? Ontzia edo ontziaren zati bat erosiko duenak hemen 8 ordaindu behar badu eta beste toki batean 2, nahiz hangoa ez izan hain ona, aldea handia dela esaten du. 5 balio badu, hemengoa hartuko du. Hori nola lortzen du? Bada, tartean mezenas papera hartzen duen jendea dagoelako. Kapital bat jartzen du, onura fiskalak lortuko dituelako, eta hori da tax lease sistema. Nik chupa-chups-etan inbertitu beharrean, ontziolan inbertitzen badut, zerga gutxiago ordaindu beharko dut. Oinarrian hori da. Ohikoak al dira era horretako eragiketak? Oso ohikoak. Esaterako, futbolari garrantzitsu batzuek Erresuma Batuko zinemagintzan inbertitu dute, onura fiskalengatik. Tartean da Realetik ateratako jokalari bat, toki askotan ibili dena, eta orain Real Madriden dabilena. Erresuma Batuko klub batean jokatzen zuen, eta esan zioten bere dirua sektore hartan jarriz gero, hainbat onura fiskal izango zuela. Gainera, segurtasun osoarekin, dirua itzultzen ziotelako. Hori esanez gero, nahiz eta film ingeles bat bera ere ez ikusi, horra jotzen da. Hori oso ohikoa da. Kasu horretan, Erresuma Batuak bertako zinemagintza nahi du bultzatu. Beste kasu batzuetan, ontzigintza bultzatu nahi da. Hor ez dago inolako ustelkeriarik. Errealitatea da estatu guztietan eta sektore guztietan: automozioan,  zinemagintzan, kulturan... Galdera da zer sektore ez den laguntzen. Asiako hego-ekialdeko ontziolak %100 publikoak baldin badira, horien kontra... Adibide asko daude, hortaz. Dudarik gabe. Zer da, bada, Europa Erkidegoko nekazaritza politika, ez bada estatuari laguntza? 50.000 milioi euro, Europako nekazaritza produktuak Europatik kanpora merkeago sal daitezen, eta zergak jarriz kanpotik datozenei, Ekuadorko banana Kanarietakoa bezain lehiakorra izan ez dadin. Estatu laguntza bat da hori. Arazoa da laguntza hori formalki modu zuzenean bideratzen duzun ala ez. Ontziolen auzira itzulita, ontziolek ez dute dirurik itzuli behar, baina beldur dira bezeroak ez ote dituzten galduko. Zer pauso eman beharko lituzkete? Segurtasun juridikoa nahi dute ontziolek. Lehenik, jakin nahi dute nola kudeatu arazo hau, eta bigarrenik, hemendik aurrera zer gertatuko den. Hemendik aurrera, kontsulta lotesle bat eskatu behar litzaioke Europari. Esaidazu, idatziz, gaur egun indarrean dagoen tax lease sistema balekoa dela. Zertarako? Bada, orain geldituta dauden proiektuak ez desagertzeko, eta bezeroek hemengo ontziolak kontratatzen jarrai dezaten. Nik faltan ematen dut Almuniari eskaera formal bat. Izan ere, hedabideek esan dute legala dela sistema, eta hala da. Holandarrek eta frantsesek sistema bera dute martxan; ez dago inolako arazo legalik horretarako. Baina hor diru asko jokatzen duenak nahi du agintzen duenak esatea aurrerantzean inbertitzen duena legala izango dela. Kontuak kontu, Espainiak arazo bat du laguntza sistemaren berri ez emateagatik Europan. Zein dira hurrengo pausoak? Araua bete ez duen estatua da Espainia. Espainiako Ogasun ministro Cristobal Montorok hainbat gauza negoziatu behar du parte-hartzaileen katearekin, inbertsoreekin. Aurrena, zenbat diru itzuli behar duten, eta hori Espainiako Estatuak zehaztu behar du. Hor maniobrarako tarte handia dago. Baina zuk hor aurrean dagoena haserretu baduzu [Almunia], lupa handiagoarekin begiratuko du gauzak ondo egiten ari zaren. Esaterako, alemaniarrak maisuak dira halako kontuetan. Frantziarrak ere oso onak dira. Zein zentzutan? Pentsa, Frantziako Gobernuak 7 mila milioi euro eman die Peugeot eta Renault markei, eta Frantzian zeuden gainerako ekoizle ez frantsesak haizea hartzera bidali ditu. Hori estatu laguntza da, argi eta garbi. Lehiakide batzuei laguntzen ari zara, beste batzuen aurrean. Konpetentzia faltsutzen ari zara. Zigorrik egon al da? Bat ere ez. Halako adibide pila bat daude. Diru kopurua zehazteaz gain, zer gehiago egin behar du Espainiak? Nire ustez, epai honen kontra helegitea jarri beharra dago. Ez du Espainiak irabaziko, baina denbora irabaziko du, urte eta erdi eta bi urte artekoa. Europako Batzordearekin, lehia komisarioarekin negoziatzen bada ez dezala eskatu badaezpadako exekuzio neurririk, hori denbora irabaztea da, egoera nola konpentsatu ikusteko denbora. Inbertsio makineriak bizirik jarraitzen badu, ziurrenez errazago izango da esatea inbertsoreari sistema berriarekin %30 aurreztuko duela, baina %30 horretatik %15 kenduko diola, lehen gaizki egindako horregatik. Hori errazagoa da, %30 dirutan eman dezala eskatzea baino. Trantsizioa kudeatzeko kontu horretan ez dute inolako zerikusirik ontziolek, enpresek, langileek. Baina Espainiako Gobernuaren partetik konpetentzia utzikeriaren aurrean gaude. Astakeria egin dutela dirudi. Bai, sekulakoa. Agintean daudenek bazekiten zein zen arazoa, eta beste alde batera begiratu dute, zaplastekoa etorri den arte. Nik uste dut kudeaketa politiko beldurgarria egin dutela. Hala ere, oraindik bideratzeko garaiz dabiltza. Batzuk jada hasi dira ontziolen sektorearen kontra egiten. Eta nik uste dut sektoreren batek egin bazuen birmoldaketa mingarria baina ondo egindakoa, ontziolenak egin zuela. Lehiakorrak gara espezializatu egin garelako, lana egiteko modu jakin bat dugulako, ardura maila altua dugulako arrisku maila ikaragarria duen sektore batean... Kate oso-oso indartsua da sektore horretakoa, jende askori eragiten diona, zuzenean eta zeharka. Eta uste dut ez dela justua egindako lan eta esfortzu guztia orain zakarrontzira botatzea. Nola erabakiko du Espainiako Gobernuak inbertsoreek zenbat diru itzuli behar duten? Estatuak aztertu eta egiaztatu egin behar du zer egin den gaizki. Kalkulu konplexuak egin behar dira askotan, operazio guztiak ez direlako berdinak, eta maniobrarako tarte handia du hor Espainiak. Bestetik, berak erabaki behar du ordaintzeko modua; hor ere tarte handia dago. Baina horretarako sinesgarritasuna izan behar luke Espainiak, eta gobernu eta estatu horrena oso baxu dago. Eta, hala ere, Almunia oso bigun aritu da, askoz gogorrago aritu zitekeen. Ez dut harekiko enpatia pertsonal eta politikorik, baina lan garrantzitsua egin duela uste dut. Askoz min handiagoa eman zezakeen. Bera ez da egoera honen arduraduna, eta uste dut gauzak konpontzeko moduko joko eremua ezarri duela. Orain, Espainiako Estatuak ondo egin behar du orain arte egin ez duena. Inbertsoreengandik jasotako diru horrekin zer gertatuko da? Hor dator negoziatzeko bigarren partea. Teorian, Espainiak zehazten du zenbat diru itzuli behar duen bakoitzak. Europako Batzordeak gaizki jasotako laguntzak biltzeko ahalmena dauka, eta Espainiak Batzordearekin negoziatu dezakeena da alde batetik ematen diona, bestetik hark itzultzea. Hori zen Eusko Jaurlaritzak zioena. Alegia, diru hori berriz ere sektorean inbertitzeko izatea. Orain ez du ezer esango Europak, baina logikoa hori izango litzateke. Normalean ez dago joan-etorriko fluxurik, konpentsaziokoak baizik. Nik 200 eman behar badizkizut, eta zuk niri 800, zuk 600 ematen dizkidazu eta kito. Espainiak berriz ere badu aukera iristen den dirua zertara bideratzen duen erabakitzeko. Eusko Jaurlaritza aipatu duzu, baina hark ezin du ezer erabaki gai honetan. Materia horretan konpetentzia izango bagenu, guk kudeatuko genuke. Tristea da kontu hori; arlo politikokoa da beste ezer baino gehiago, baina itsas kontuetan askotan aipatzen da. Espainiako Gobernuak du konpetentzia osoa honetan, baina orain guk ez daukagu ezer erabakitzeko aukerarik, eta nik uste dut proba ona dela ikusteko konpetentziek duten balioa. Gaizki egiten badut arduraduna ere ni naiz, baina nik kudeatu dezaket arazoa. Zumaiako Balenciaga ontziolako kudeatzaileak esana du Europako Batzordeak 2002tik zekiela zer ari zen gertatzen, eta hala ere ez duela lehenago esku hartu. Gauzak motelegi egin izana leporatu al dakioke? Normalean erritmo makala du Europak. Mugitzen da, baina poliki. Sei kide izatetik 28 izatera handitu da, eta egitura oso makalak sortu ditu. Ez daukat frogarik, espekulazioa da, baina uste dut egon dela eskandalua estaltzeko asmoa, eta Espainiako Gobernuarekin ados jartzeko saioa. Arau haustea oso argia izan da, eta bi salatzaile egon dira, gainera Europako estatu fundatzaileak biak: Herbehereak eta Frantzia. Eta Espainiak bestaldera begiratu du. Burokrazia kontuak poliki mugitzen dira, baina ni ziur naiz Estatuko abokatutzak lehenengo momentutik zekiela hor arau hauste oso argia zegoela. Baina nik ez dut ezer arraroa ikusten erritmo makal horretan. Nazioarteko zuzenbide pribatuan zara espezialista. Praktikan, zer esan nahi du horrek? Europa barruko herrialdeen arteko bizikidetzaz arduratzen dela esan daiteke. Herrialde batek zerbait egin behar badu, eta beste bati eragin ahal badio, abisatu egin behar du, esaterako. Ontziolekin bezala. Ontziolen auzia deitzen diogu, baina arazoa ez da itsas arlokoa, Europako lehiakortasun zuzenbidearena baizik, eta estatu laguntzarena. Arlo juridiko askotan lan ona egiten ari da Europa. Bestetik, Europan mugaz gaindiko proiektu ikaragarriak daude, oso interesgarriak, eta diru laguntza mordoa jasotzen dutenak. Mugaz gaindiko proiektu bat da, esaterako, estatu bateko estatu mailako kirol txapelketak beste estatu batean jokatzea. Errugbia Anoetan, kasu. Nazioarteko zuzenbidearen bidez eraiki da hori. Europak baimentzen du, eta bultzatu egiten du, gainera. Oraindik jorratu gabeko arlo asko daude, eta Europa oso erabilgarria izan liteke; gauza on asko ditu, erabiltzen jakinez gero, edo erabili nahi izanez gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide