Aizarnan egun bat gutxiago izango dute festarako aurten

Ane Olaizola 2013ko abuztuaren 8a

Abuztuak 14, asteazkena
  • 08:00. Oilasko biltzaileen irteera.
  • Goizean zehar. Puzgarriak egongo dira umeentzako.
  • 12:00. Txupinazoa.
  • Jarraian. Sardinada txotxarekin egingo dute plazan, txarangak alaituta.
  • 14:30. Oilasko biltzaileen aurreskua plazan.
  • Ondoren. Oilasko biltzaileen bazkaria.
  • Arratsaldean. Oilasko biltzaileen kalejira.
  • 23:00. Izer eta Alabier trikitilarien erromeria.
  • Ondoren. DJ Imanol Pajarito egongo da.
Abuztuak 15, osteguna. Amabirjin Eguna
  • 11:00. Meza nagusia.
  • Bazkalondoren. Umeentzako puzgarriak.
  • 18:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Jexux Mari Mujika eta Luis Txapartegi. Harri-jasotzaileak: Xabat Olaizola eta Landarbide.
  • Jarraian. Triki poteoa tabernetan.
  • 21:00. Gazteen afaria. Txartelak Konpittokon daude salgai abuztuak 11ra artean, 15 eurotan.
  • 23:00. Obeneuke taldearekin dantzaldia, goizaldera arte.
Abuztuak 16, ostirala
  • 11:00. Goizean zehar umeentzako puzgarriak egongo dira.
  • 13:30. Umeen bazkaria.
  • 17:30. Ume jolasak.
  • Ondoren. Txokolatada.
  • 19:00. Gazteen pilota partidak izango dira.
  • 21:00. Herri afaria. Txartelak Puerteko, Konpittoko eta Aranburun daude salgai hilak 11ra artean, 30 eurotan.
  • 23:00. Kupela taldearekin dantzaldia.
  • Jarraian. DJ Imanol Pajarito izango da, aspertu arte.
Abuztuak 18, igandea
  • 11:00. Meza nagusia.
  • Ondoren. Jubilatuen hamaiketakoa.
Ohiturari jarraituz, oilasko biltzea egingo dute Aizarnan festetan (Argazkia: Aizarna Herri Elkartea) Paella lehiaketarik eta bazkaririk ez dute egingo aurten, baina umeentzako puzgarriak egunero jarriko dituzte. Zestoako Aizarna auzoan tradizioari lotutako festak ospatuko dituzte beste urte batez. Aurten, abuztuaren 14tik 18ra ospatuko dituzte amabirjinak. Iaz baino egun bat gutxiago izango dute, beraz, festarako. Aurrekontuak eta egoera ekonomikoak behartuta murriztu ditu jaiak batzordeak. «Badakigu Zestoako Udala mugatuta dagoela festetako aurrekontua egiterakoan, eta egun bat gehiago jartzeak gastu gehiago izatea eragingo liguke; horregatik larunbatean ez dugu ekitaldirik izango». Hasiera batean larunbaterako prestatu nahi zituzten ekitaldiek «galera» eragingo lieketela uste dute kideek. «Aurreko egunean berandura arte izango dugu festa, eta uste dugu larunbatean jende asko joango dela Azkoitira». Kendu duten ekitaldietako bat paella lehiaketa izan da. «Pena handiz kendu dugu, aurreko urtean oso ederra izan zelako paella lehiaketan sortu zen giroa; herritar askok hartu zuten parte, adin guztietakoak. Hala ere, hurrengo urterako gordeko dugu ekitaldi hau». Dena den, hiru egunetan dozenaka ekitaldi izango dituzte. Iaz egin zuten bezala, aurten ere oilasko biltzea amabirjinetako lehenengo egunean egingo dute, hilaren 14an. Aspalditik egiten duten ekitaldia da oilasko biltzearena, eta lehenengo egunean herritar gehiagok parte hartzen dutelako erabaki dute iaz aukeratutako datarekin jarraitzea. Berrikuntza gisa, umeentzako puzgarriak egunero jarriko dituzte festetan. Hilaren 15ean eta 16an herri afariak egingo dituzte, eta txartelak igandea baino lehen erosi behar dira, Konpittokon, Puertekon eta Aranburun.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide